Berreste alderako isuri

Zer ikusi zuten Amerikako jatorrizko biztanleek lehen aldiz karabela bat ikusi zutenean? Haien kulturan txertatzeko moduko zerbait ikusi zuten.

Berreste alderako isuria,[1] berreste isuria edo baieztatze alderako isuria gizaki orok daukan joera bat da, isuri kognitibo bat[2]. Gizakiok aurreiritziak bultzatuta, sinismenak bultzatuta, badugu informazio jakin bat bilatzeko, ulertzeko, interpretatzeko eta gogoratzeko joera nabarmena. Izan ere, dagoeneko dauzkagun sinesmenek edo guretzat sinesgarri diren hipotesiek goitik behera baldintzatzen dituzte informazioak bilatzeko eta informazio hori prozesatzeko erabiliko ditugun estrategiak eta gure aurretiko sinesmenak indartzeko bideratzen ditugu. Bide beretik, gure sinesmen kontra doazen informazioak baztertzeko eta kontuan ez hartzeko joera daukagu.

Pentsaera kritikoa garatu behar da joera unibertsal horri aurre egiteko.

Berreste alderako isuriak sinesmen pertsonaletan konfiantza gehiegi ematen du. Baieztatze alderako isuri honek kontrako ebidentzien aurrean norberaren sinesmen horiek mantendu edo indartu ditzake. Gainera pertsonek badute joera nabarmena antzeko sinesmenak dauzkatenekin harremanetan egoteko, —harreman horiei lehentasuna emateko—, eta horrela ere indartzen dira sinesmenak, taldearen isuri kognitibo-edo esaten zaio joera unibertsal honi. Norberaren iritziekin bat datozen datuei duten garrantzia baino handiagoa emateko joera egoten da. Norberaren iritzien kontra datozen ebidentziak, gutxietsi, baztertu edo zuzenean ez sinesteko joera egoten da.

Sinismenek, irudimenezko kausa-ondorioak edo korrelazioak asmatzen edo indartzen dituzte askotan. (adibidez, Xamanaren euriaren dantzak edo prozesioak euria ekarri duelako iritzia).

Isuri kognitibo hau joera kognitibo unibertsala da, eta arrazoibide induktiboaren akats sistematikoa. Jendeak joera hori erakusten du informazioa modu selektiboan biltzen edo gogoratzen duenean eta beste informazio jakin bat gutxietsi edo baztertzen duenean.

  1. Euskalterm: [Hiztegi terminologikoa] [2008]
  2. Matute, Helena.. (D.L. 2018). Nuestra mente nos engaña : sesgos y errores cognitivos que todos cometemos. EMSE EDAPP ISBN 9788417177690. PMC 1054981886. (Noiz kontsultatua: 2019-09-10).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search