Bikingo

Itsasontzi bikingo bat.

Bikingoak Eskandinavia eta Danimarka aldeko gudari, merkatari, pirata eta esploratzaileei VIII-XI. mende bitartean eman izan zaien izena da.[1] Garai hartan, argi ez dauden arrazoiengatik, hego-mendebalderantz eta hego-ekialderantz abiatu ziren gerra eta merkatari-bidaia luzeetan. Gehienetan, branka eta popa garai eta estuko ontzi luze eta meheetan bidaiatzen zuten. Ontzigintzan eta nabigazioan erdietsitako trebeziari esker, adituek diotenez, Kolon baino lehen Ameriketara iritsi ziren, baita Mediterraneora ere.

Hego-mendebalderantz joandakoei normandiar ere deritze. Normandiako erresuma sortu zuten. Hego-ekialderantz joandakoei, aldiz, barego esaten zaie. Azken hauek Errusiar Estatuaren oinarria jarri bide zuten. Haien itsas bidaia luzeetan Ternuaraino iritsi omen ziren, eta beste aldera, ibaietan gora eta behera, Kaspio Itsasoraino. Mediterraneoan ere ibilitakoak dira.

Gerra-espedizio handienetan ehunka ontzik hartzen zuten esku, Bikingo Aroaren bukaeran. Belaontzien ikuste hutsak izua zabaltzen zuen Europako Mendebaldean.

Bikingoen erlijioa erlijio nordiko deritzona zen, indoeuropar jatorrikoa. Odin eta Tor zituzten jainko nagusi.

Gudarien balentriak sagetan kantatu eta harri errunikoetan idazten zituzten, eta ornamentazio arte berezia garatu zuten.

  1. SLU, Herritar Berri. (2020-12-10). «Bikingoei buruz jakin beharrekoak: glamourra, adarrik ez, munduari so...» GAUR8 (Noiz kontsultatua: 2020-12-14).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search