Biodibertsitate

Biodibertsitate-mailarik handiena tropikoetako ekosistemek dute: Oihan tropikal euritsuek (irudian) eta koralezko arrezifeek

Biodibertsitatea, bioaniztasuna edo dibertsitate biologikoa ekosistema batean, bioma batean edo planeta oso batean bizi-formek duten aniztasun-maila da. Askotan, kontzeptu hau erabiltzen da sistema biologikoen osasuna neurtzeko. Bereizkuntza naturalaren eta izaki motek irauteko dituzten mekanismo genetikoen ondorioz, Lurra bizitza dibertsitate handikoa da; eta dibertsitate hori ezinbestekoa da, bizia izango bada, eta ezin ordezkatuzkoa da, hura galtzeak hondamena baitakar. Biodibertsitatea ez da berdin banatzen Lurrean; badira eremu batzuk, tropikoak batez ere, bizi-moten dibertsitatearen aldetik goi-mailakoak direnak.

Tasun hau bizitzaren antolamenduaren maila guztietan agertzen da, zeluletatik ekosistemetaraino, eta funtsezkoa da izaki bizien funtzionamendurako. Dibertsitateari esker, bizitzak erreakzionatzeko eta egokitzeko gaitasuna du, Lurrean maila askotan izaten diren aldaketak gertatzen direnean. Baldin eta, adibidez, landare-mota bakarra balego Lurrean (gauza jakina denez, landareek oxigenoa sortzen dute, eta, beraz, gizakia landareen mende dago), eta mota horretako landare guztiak berdinak balira genetikaren aldetik, gizakien eta izaki bizi gehienen bizitza landare-mota bakar horren mende legoke. Baldin eta izurri batek edo klima-aldaketa batek landare-mota horretan eraginen bat izan eta suntsituko balu, oxigenoaren sintesia ere desagertu egingo litzateke, eta gizakia ere harekin batera galduko litzateke; milaka landare-mota egoteak esan nahi du oxigenoa sintetizatzeko «erantzukizuna» landare-mota asko eta askoren artean dagoela banatua, eta, beraz, haietako batek huts eginez gero, ez dagoela arriskurik gizakiarentzat. Gainera, izaki mota bakoitzaren barnean, multzo osoa eratzen duen banako bakoitza desberdina da genetikaren aldetik, eta, beraz, zeinek bere sentikortasuna du gaixotasun, giro-aldaketa, eta abarren aurrean.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search