Biziaren jatorria

Aurrekanbrikoko estromatolitoak Siyeh eraketan, Glaziarren Natura Parkea, AEB. 2002an UCLAko William Schopfek Nature aldizkariak duela 3500 milioi urteko eraketa geologiko hauek zianobakterioen ondoriozko fosilak eta, beraz, ezagutzen diren izaki bizidun antzinakoenen seinaleak izango liratekeela defendatzen zuen artikulu bat idatzi zuen.
Estromatolitoak itsas-ertzean (Shark Bay, Australia).

Biziaren jatorria gizakia aspalditik kezkatu duen gai bat da, ondorio zientifikoak ez ezik, garrantzi handiko beste ondorio batzuk ere planteatzen dituelako, metafisikoak, esaterako. Gaia hainbat ikuspuntutatik azter daiteke, baina artikulu honetan ikuspuntu zientifiko huts batetik helduko zaio, biologiaren teoria klasikoak eta zientziaren azken ekarpenak azalduz.

Biziaren jatorriaz edo abiogenesiaz (grezieraz: ἀ-βίο-γένεσιςa-bio-genesis; «ἀ-/ἀν- «ez» + βίος- «bizia» + γένεσις- «sorrera/hasiera», «Biziaren sorrera, ezerezetik abiatuta») jardutean, Lur planetaren gainean bizia nola sortu zen aztertzen da, bai eta biziak lehenengo zelulatik nola eboluzionatu zuen ere. Ikerkuntza horrek oso ekarpen baliotsuak egin ditu XX. mendearen erdialdetik. Ekarpen horiek, Lurrerako ez ezik, baliagarriak dira gure planetatik kanpo ere: esaterako, antzinako Lur planetan bizia agertzea eragin zuten faktoreak Unibertsoko beste alderdi batzuetan ere izango balira, oso litekeena zen bizia —guk ulertzen dugun eran— han ere agertzea.

Zientzialari gehienen ustez Lur planetaren gainean bizia orain dela 3.500 milioi urte inguru agertu zen.[1][2] Oso onartua bada ere bizia Lurrean bertan sortu zelako hipotesia, zientzialari batzuek biziaren jatorria Lurretik kanpo kokatu dute, panspermiaren hipotesia defendatuz.[3]

Biziaren jatorriari buruzko ikerkuntzak zientzia asko biltzen ditu bere baitan: biologia, kimika, astronomia, geologia eta meteorologia, besteak beste.[4] Azken urteotan asko aurreratu den arren, oraindik ez dira argitu biziaren sorreraren atzean dauden faktore guztiak, eta nola eragin zioten elkarri lehenengo zelula sortzeraino.

  1. (Ingelesez) Schopf, J. William; Kudryavtsev, Anatoliy B.; Czaja, Andrew D.; Tripathi, Abhishek B.. (2007-10). «Evidence of Archean life: Stromatolites and microfossils» Precambrian Research 158 (3-4): 141–155.  doi:10.1016/j.precamres.2007.04.009. ISSN 0301-9268. (Noiz kontsultatua: 2018-09-07).
  2. (Ingelesez) Schopf, J. William. (2006-06-29). «Fossil evidence of Archaean life» Philosophical Transactions of the Royal Society of London B: Biological Sciences 361 (1470): 869–885.  doi:10.1098/rstb.2006.1834. ISSN 0962-8436. PMID 16754604. PMC PMC1578735. (Noiz kontsultatua: 2018-09-07).
  3. (Ingelesez) H., Rampelotto, P.. (2010-4). Panspermia: A Promising Field of Research. ISSN 0161-5297. (Noiz kontsultatua: 2018-09-07).
  4. (Ingelesez) Donald., Voet,. (). Biochemistry. (3rd ed. argitaraldia) J. Wiley & Sons, 29 or. ISBN 047119350X. PMC 54780033. (Noiz kontsultatua: 2018-09-07).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search