Bizikleta

Bizikleta modelo zabalduena (eta ibilgailu mota guztien artetik munduan zabalduena) Uso Hegalaria izeneko Txinako bizikleta da, 500 milioi baino gehiago produzitu baitituzte.[1]

Bizikleta edo txirrindua gizakiaren indarraz, bi gurpilen gainean eta pedalei eraginez dabilen ibilgailua da.[2] XIX. mendean sortua eta hainbat aldaerez garatua, garraiobide merketzat erabili zen XX. mendean, herrialde pobre eta klase sozial apaletan bereziki, askotan autoa nagusitzen zen bitartean. Ariketa fisikoa eskatzen duen gailua izanik, osasuntsua izateaz gainera, txirrindularitza izenez biltzen diren kirolak ere sortu dira bizikleta oinarritzat harturik. XX. mendearen bukaerako kezka ekologikoak garraiobide jasangarri bilakatu du, bereziki hirietan; hartara, bizikleta bideak egin dituzte, eta bizikletaz ibiltzea sustatzen duten proiektu anitz garatu dira, hala nola bizikleta maileguak.

Non ibili eta zertarako erabiltzen den, bizikleta mota anitz dago. Besteak beste, mendiko bizikleta [3]mendiko bideetan ibiltzeko erabiltzen diren bizikletak dira, gurpil lodiekin; lasterketa-bizikletak errepide eta pistako txirrindularitzarako bizikleta azkarrak dira; hiri-bizikletak hirian ibiltzeko bizikleta aproposak dira, gauzak eramateko saskiak eta parrilak dituztenak eta trizikloak[4] haur eta bizikletaz ibiltzeko arazoak dituzten pertsonentzako bizikletaren antzeko hiru gurpileko ibilgailuak dira.

  1. (Ingelesez) Koeppel, Dan. (2007-02). «Flight of the Pigeon» Bicycling (Rodale) 48: 60–66. ISSN 0006-2073..
  2. Onintza, Irureta Azkune. (1997-02-01). «Bizikleta» Zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-11-11).
  3. «Bizikleta motak - Bizikletaz - Bizikletaz» ORAIN Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2022-11-11).
  4. «Nolakoak dira triziklo hauek?» EITB (Noiz kontsultatua: 2022-11-11).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search