Duna

Erg Chebbi, Maroko

Duna harea-muinoa da, haizeak lurzoru finkatugabea multzo erregularretan pilatuz eratua. Landaredi gabeko zoru hareatsuetan eta hareazko basamortuetan eratzen dira batik bat.[1] Dunak mugikorrak dira haizearen eraginez etengabe lekualdatzen badira, eta finkoak landarediak lekuz aldatzea galarazten dienean.[2]

Duna mota desberdinak daude: barjan izenekoek ilargierdi forma dute, batetik bestera tarte handia izaten da eta muturrak mugimenduaren norabiderantz bideratuak dauzkate; beste batzuek hogeita hamabost gradu inguruko malda dute haizebean dagoen aurpegian eta, aitzitik, txikiagoa izaten da hondarra igotzen den aurpegiko malda, hots, haizealdekoa. Hondar hedadura handietan barjanak multzoka eta lerrokatuta azaldu ohi dira: zeharkako duna esaten zaie horiei. Zeharkako duna batzuen multzoari hondarrezko itsaso esaten zaio, eta hori izaten da ergen ohizko egitura, alegia, gailurrak lerrokatuta egoten dira baina sakongune handiz elkarrengandik bereiziak, eta sakongune horietan azpiko haitza agerian geratzen ere da batzuetan.

Beste duna mota bat parabolikoa da; horren adibide garbia dira kostaldeko dunak. Kasu horretan, ordea, dunaren antolamendua kontrakoa da, haizea datorren norabiderantz baitauzka muturrak. Malda handirik gabeko dunak dira, nahiko geldiak, baina haizea zakarra bada sakongunea aurrerantz higitzen da, dunak luzatu egiten dira, eta urkila itxurako dunak sortzen dituzte, beso luzekoak alegia. Luzetarako duna da hirugarren mota: indar handiko haizeek jotzen duten hondar gutxiko basamortuetako ordokietan eta goi ordokietan izaten dira horrelakoak. Berez, urkila itxurako dunen gehieneko garapena dira; izan ere, horrenbeste mugitzen dira, ezen hondar pilaketak sortzen baitituzte haizearen norabidean eta elkarren artean, deflazioak eraginak.

  1. Hiztegi terminologikoa: duna. Euskalterm, euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2018-8-29).
  2. Botanika Saila (Aranzadi Zientzia Elkartea). Zarauzko dunetako landaredia. aranzadi.eus (Noiz kontsultatua: 2018-8-29).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search