Ekaitz

Artikulu hau fenomeno meteorologikoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Ekaitz (argipena)».
Ekaitza sortzen Enschede hirian (Herbehereak)

Ekaitza behe-presio gune batek sorturiko indar handiko haizea da, harekin batera euria, elurra edo txingorra duena. Ekaitzak eguratsean gertatzen diren indar handiko konbekzioak dira, konbekziozko behe-presio guneak dira, beraz; eguratsaren perturbazio indar handikoak dira eta ez dute askorik irauten, behetik gorako hodei handietan eratzen dira, kumuluninboetan, alegia; kumuloninboak hodei trinko ilunak dira, eta ur eta kazkabar zaparrada handiak, indar handiko haize boladak eta trumoia eta tximista ekarri ohi dituzte.

Ekaitza nahiko gertaera sarria da eta munduko lurralde gehienetan gertatu ohi da; urtean zehar munduan 16 milioi ekaitz gertatzen direla kalkulatu da, eta orduro bi mila inguru ekaitz eratzen dira, batez beste. Hala ere, gertalekuari dagokionez, gune batzuetan bereziki ugariak dira beste gune batzuen aldean; ekaitz gutxi izaten da, adibidez, 60 gradutik gorako latitudeetan, eta, aldiz, maizago gertatzen dira Ekuatore aldean. Era berean, gutxitan gertatzen da ekaitza itsaso hotzen gainean edo egurats egonkorreko guneetan, adibidez tropikoetatik lurburuetarako antizikloi guneetan.

Sinonimoak denborale, erauntsi, ekarraldi, eraso, jasa eta soberna ditugu.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search