Ekologia

Ekologia izaki bizidunen eta beren ingurumenaren arteko harremanak, energia eta materia fluxuak, banaketa eta ugaritasuna aztertzen dituen zientzia da. Grezierazko οἶκος oikos (etxea) eta λογία logia (ezagutza) hitzek osatzen dute izena. Ekologiak organismoak kontuan hartzen ditu gizabanako, populazio, komunitate, ekosistema eta biosfera mailan. Ekologia biogeografia, biologia ebolutiboa, genetika, etologia eta historia naturalaren zientziekin bat egiten du. Ekologia biologiaren adar bat da, eta ez da ekologismoaren sinonimo.

Besteak beste, ekologia honako hauen azterketa da:

  • Organismoen ugaritasuna, biomasa eta banaketa ingurumenaren testuinguruan.
  • Bizitza-prozesuak, elkarrekintzak eta egokitzapenak.
  • Materialen eta energiaren mugimendua komunitate bizien bidez.
  • Ekosistemen ondorengo garapena.
  • Espezieen barruko eta arteko lankidetza, lehia eta harrapaketa.
  • Biodibertsitate-ereduak eta horrek ekosistema-prozesuetan duen eragina.

Zientzia integratzaila da, biokimika, fisiologia, genetika, etologia, eboluzioa, fisika, meteorologia, geologia eta kimikan oinarritzen baita; kontzeptu eta ikerketa metodo gehienak gainontzeko zientzietatik hartzen dira, beraz. Ezagutza honen biologiarekiko estutasuna dela eta, bere jakintzagai bat dela onartzen da.

Ekologiak aplikazio praktikoak ditu kontserbazio-biologian, hezeguneen kudeaketan, baliabide naturalen kudeaketan (agroekologia, nekazaritza, basogintza, arrantza, meatzaritza, turismoa), hirigintzan (hiri-ekologia), osasun komunitarioan, ekonomian, oinarrizko eta aplikatutako zientzietan eta giza gizarte-elkarreraginean (giza ekologia).

Ekologia hitza Ernst Haeckel alemaniar zientzialariak sortu zuen 1866an. Gaur egun ezagutzen den ekologiaren zientzia amerikar botanikari talde batekin hasi zen 1890eko hamarkadan[1]. Egokitzapenari eta hautespen naturalari buruzko kontzeptu ebolutiboak teoria ekologiko modernoaren giltzarriak dira.

Ekosistemak dinamikoki elkarreragiten duten organismo-sistemak, haiek osatzen dituzten komunitateak eta beren inguruneko osagai ez-biziak (abiotikoak) dira. Ekosistemen prozesuek, hala nola ekoizpen primarioak, elikagaien zikloak eta hobi eraikuntzak, energia eta materiaren fluxua ingurune baten bidez erregulatzen dute. Ekosistemek berrelikadura biofisikoko mekanismoak dituzte, planetaren osagai bizietan (biotikoak) eta abiotikoetan eragiten duten prozesuak moderatzen dituztenak. Ekosistemek bizitza sostengatzen duten funtzioei eusten diete, eta ekosistemen zerbitzuak eskaintzen dituzte, hala nola biomasaren ekoizpena (elikagaiak, erregaiak, zuntza eta medikuntza), klimaren erregulazioa, ziklo biogeokimiko globalak, uraren iragazketa, lurzoruaren eraketa, higaduraren kontrola, uholdeen babesa eta balio zientifiko, historiko, ekonomiko edo intrintsekoko beste ezaugarri natural asko.

  1. S. E. Kingsland, "Foundational Papers: Defining Ecology as a Science," in L. A. Real and J. H. Brown, eds., Foundations of Ecology: Classic Papers with Commentaries. Chicago: U of Chicago Press, 1991. Pages 1-2.

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search