Elektroi

Elektroi
Elkarreraginakelkarrekintza nuklear ahul, elkarrekintza elektromagnetiko eta grabitazio
Antipartikulapositroi
AurkituaJoseph John Thomson 1897
Masa inbariantea0,000548579909065 Da
Karga elektrikoa−1 e
Momentu magnetikoa1,0011596521806 Bohrren magnetoi

Elektroia (grezieratik: ἤλεκτρον ḗlektron «anbar») partikula subatomikoa da. e- edo β- ikurrarekin adierazten da eta karga elektriko elemental negatibo bakarra du.[1] Elektroiak leptoien partikula-familiako lehen belaunaldiko partikulak dira.[2] Gainera, oinarrizko partikulatzat hartzen dira, ez baitute osagai edo egitura ezagunik.[3] Elektroiaren masa protoiarena baino 1863 aldiz txikiagoa da, gutxi gorabehera.[4] Propietate kuantikoen artean, momentu angeluar intrintseko (spin) erdi osoa dauka, Planck-en konstante laburbilduaren unitatetan adierazia. Fermioiak dira-eta, Pauliren elkarrezintasunaren printzipioagatik, bi elektroi ezin dira egoera kuantiko berean egon.[2] Oinarrizko partikula guztiek bezala, elektroiek uhin-partikula izaera dute, hau da, beste partikula batzuekin talka egin dezakete eta, aldi berean, argia bezala difraktatu daitezke. Neutroiek eta protoiek baino masa txikiagoa eta de Broglieren uhin-luzera handiagoa dutenez, elektroien uhin-izaera errazago behatu daiteke esperimentalki.

Elektroiek hainbat fenomeno fisikotan dute eragina, hala nola elektrizitatean, magnetismoan, kimikan eta eroankortasun termikoan. Elkarrekintza ahulean, grabitazionalean eta elektromagnetikoan ere parte hartzen dute.[5] Karga elektrikoa dutenez, eremu elektrikoa sortzen dute haien inguruan eta, higitzen ari badira, eremu magnetikoa ere bai. Horrez gain, beste karga batzuek sortutako eremu elektromagnetikoek elektroien higidura baldintzatzen dute Lorentzen indarraren adierazpena jarraituz. Elektroiek, azeleratzen direnean, energia irradiatu edo xurgatzen dute fotoien bidez. Laborategiko tresnek elektroi-plasma edo elektroi bakunak atzeman ditzakete eremu elektromagnetikoak erabiliz. Halaber, teleskopio berezi batzuek kanpo-espazioko elektroi-plasma antzeman dezakete. Elektroiek hainbat arlotan dute eragina, hala nola elektronikan, soldaduran, katodo-izpidun hodietan, elektroi-mikroskopioetan, erradioterapian, laserretan, gas-ionizazio detektagailuetan eta partikula-azeleragailuetan.

Elektroien eta beste partikula subatomikoen arteko elkarrekintzak interesgarriak dira kimikan eta fisika nuklearrean. Nukleoko protoiek eta inguruan orbitatzen duten elektroiek, elkarren arteko Coulomben indarraren ondorioz, atomo izeneko konposatua osatzen dute. Ionizazioak, hau da, atomo bateko elektroi eta protoi kopurua ezberdina izateak, sistema atomikoaren lotura-energia aldatzen du. Bi edo atomo gehiagok beraien elektroiak trukatu edo partekatzean lotura kimikoak sortzen dira.[6] 1838an, Richard Laming naturaren filosofo ingelesak egin zuen karga banaezinaren lehen hipotesia, atomoen propietate kimikoak azaldu nahian.[7] George Johnstone Stoney fisikari irlandarrak "elektroi" deitu zion karga horri 1891n, eta J. J. Thomson eta bere fisikari taldeak partikula bat zela ikusi zuten 1897an.[8] Elektroiek erreakzio nuklearretan ere parte har dezakete, izarretan gertatzen den nukleosintesian adibidez. Erreakzio horietan beta partikula deitzen zaie. Elektroiak isotopo erradioaktiboen beta desintegrazio bidez eta energia handiko talketan sor daitezke. Elektroiaren antipartikulari positroi deritzo; elektroien berdinak dira baina kontrako zeinuko karga dute. Elektroi eta positroi banak elkarrekin talka egitean bi partikulak deuseztatu egin daitezke, gamma izpiak sortuz.

  1. (Ingelesez) Coffey, Jerry. (2010-09-10). «What Is An Electron» Universe Today (Noiz kontsultatua: 2020-11-15).
  2. a b (Ingelesez) Curtis, Lorenzo J.. (2003-10-30). Atomic Structure and Lifetimes: A Conceptual Approach. Cambridge University Press ISBN 978-0-521-53635-6. (Noiz kontsultatua: 2020-11-15).
  3. (Ingelesez) Peskin, M.. (Wed Jun 13 00:00:00 EDT 2018). New Tests for Quark and Lepton Substructure. (Noiz kontsultatua: 2020-11-15).
  4. «CODATA Value: proton-electron mass ratio» physics.nist.gov (Noiz kontsultatua: 2020-11-15).
  5. (Ingelesez) Anastopoulos, Charis. (2008). Particle Or Wave: The Evolution of the Concept of Matter in Modern Physics. Princeton University Press ISBN 978-0-691-13512-0. (Noiz kontsultatua: 2020-11-15).
  6. Pauling, Linus. (1960). The nature of the chemical bond and the structure of molecules and crystals : an introduction to modern structural chemistry. Ithaca, N.Y. : Cornell University Press ISBN 978-0-8014-0333-0. (Noiz kontsultatua: 2020-11-15).
  7. Pauling, Linus. (1960). The nature of the chemical bond and the structure of molecules and crystals : an introduction to modern structural chemistry. Ithaca, N.Y. : Cornell University Press ISBN 978-0-8014-0333-0. (Noiz kontsultatua: 2020-11-15).
  8. «J. J. Thomson 1897» web.lemoyne.edu (Noiz kontsultatua: 2020-11-15).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search