Erredox erreakzio

Erredox edo erredukzio-oxidazio deritze erreaktiboen oxidazio-egoera aldatzen duten erreakzio kimikoei. Erredukzioa erreaktibo baten oxidazio-egoera murriztea da, eta oxidazioa berriz handitzea. Maiz, baina ez beti, elektroi-transferentzia bat dago, erreaktibo batek elektroiak irabazten ditu erreduzitzean eta galdu oxidatzean. Horrela, oxidatzen den erreaktiboa erreduktorea da, eta erreduzitzen dena oxidatzailea. Prozesu bat ezin da bestea gabe gertatu, erreaktibo bat oxidatzean beste bat erreduzitzen da.[1]

Sodio eta fluorraren arteko erredox erreakzioa. Sodioaren oxidazio-egoera handitu egiten da elektroi bat galduz (oxidazioa) eta fluorrarena murriztu elektroi hori irabaziz (erredukzioa). Hortaz, sodioa erreduktorea da eta fluorra oxidatzailea. Bi atomoak ionizatu egiten dira eta beraien arteko erakarpen elektroestatikoak sodio fluoruroa osatzen du.

Sodio fluoruroaren sintesia erredox erreakzio baten adibide da.

Na + 12 F2 → NaF

Erreaktiboak elementuak direnez, beraien oxidazio-egoera 0 da. Sodioak elektroi bat galtzen du, bere oxidazio-egoera 0tik +1ra igoz, ondorengo erdi-erreakzioak adierazten duen bezala.

Na → Na+ + e

Aldiz, fluorrak elektroi hori irabazten du, bere oxidazio-egoera 0tik −1era jaitsiz.

12 F2 + e → F

Hortaz, erreakzioan sodioak erreduktore bezala jarduten du fluorrarekiko, bere burua oxidatuz prozesuan. Aldi berean, fluorrak oxidatzaile bezala jarduten du sodioarekiko, bere burua erreduzituz.

Erredox motako erreakzioak oso ohikoak dira, adibide bezala errekuntza, herdoilketa, metalen extrakzioa menetatik, baterien funtzionamendua eta glukosaren oxidazioa izanik.

  1. (Gaztelaniaz) Ralph, Petrucci. (2017). Química General. Pearson, 169 or. ISBN 978-84-9035-533-6..

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search