Errefrakzio-teleskopio

Astronomia-zaleek erabili ohi duten errefrakzio-teleskopio arrunta.

Errefrakzio-teleskopioa oso urruneko objektu astronomikoek igorritako argiaren errefrakzioan oinarritzen den sistema optiko zentratu bat da. Argi-sortak lentea igarotzen duenean, norabidea aldatzen du eta behatutako objektuaren irudi handitua sortzen du. Argiaren errefrakzioa objektiboaren lentean izango daristen diren izpi paraleloen konbergentzia bideratuz plano fokalaren puntu batean. Horrek urruneko objektuak handiagoak ikusteko bidea ematen du.

Mota honetako teleskopioak oso ohikoak izan dira astronomiaren historian, eta 1600-1900 urteen bitartean munduko behatoki nabarmenetako tresna garrantzitsuenak izan ziren. Hala ere, zailtasun tekniko asko daude dimentsio eta zabalera handiko errefrakzio-teleskopioak fabrikatzeko, oso lan nekeza baita objektibo modura erabiltzeko lente handi, erabilgarri eta arinak egitea. Gauza bera gertatzen da errefrakzio-teleskopioko leiar-irekidurarekin; zenbat eta diametro handiagoa izan, orduan eta handiagotze handiagoa erakutsiko du teleskopioak, eta, ondorioz, urrunagoko gauzak hobeto ikusi ahalko dira, baina betiere neurri konkretu batean; izan ere, leiar-irekiduraren diametroa zenbat eta handiagoa izan, garestiagoa izango da, are proportzio handiagoan, errefrakzio-teleskopioa egitea.

Bestalde, kalitate-arazoak ere badaude irudiari dagokionez, bi arrazoi hauek direla tarteko: batetik, lente nagusian harrapaturiko aire-burbuila txikiak direla kausa irudia deformatzen da; eta, bestetik, lentearen materiala uhin-luzera zehatz batzuentzat opakoa denez, errefrakzio-teleskopioak sentikortasuna galtzen du argi-espektroaren alde batzuetan, aberrazio kromatikoa dela eta. Dena den, aberrazio kromatikoaren arazoa lente apokromatikoen erabilerarekin zuzentzen da partzialki, nahiz eta mota horretako teleskopioen prezioa oso handia izan.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search