Errekonkista

Granada hiri musulmandarraren kapitulazioa pintura batean

Errekonkista (gaztelaniaz eta portugesez Reconquista, katalanez Reconquesta) Iberiar Penintsulako iparraldeko erresuma kristauek Al-Andalus musulmana azpiratzeko prozesu militarrari Espainian eta nazioartean ematen zaion izena da. Espainiako historiografia tradizionalak Covadongako batailan ezarri izan du haren hasiera (722, edo 718), eta amaiera, berriz, 1492ko Granadako erresumako konkistak eman zion.

Historiografia modernoaren ikuspuntutik, 'errekonkista' (berriro konkistatzea hain zuzen) terminoa ez da zuzena. Izan ere, Gaztelako erregeek euren burua Toledoko erresuma bisigodoaren ondorengotzat jotzen ahalegindu arren, erresuma kristauak konkista musulmanaren ondoren eratu ziren. Gainera, ikuspuntu moderno horren arabera, 'errekonkista' kontzeptua murritza da, Iberiar Penintsula iparraldeko erresuma kristauen bertsioa baino ez baitu erakusten, musulmanena edo Al-Andaluseko kristauena (mozarabiarrena) baztertuz. Ondorioz, konkista kristaua edo Iberiar Penintsulako konkista feudala gisako terminoak iradoki izan dira azken urteotan, errekonkistak daraman zama ideologikorik ez daukatenak. Nolanahi ere, Errekonkista da gehien erabiltzen jarraitzen den terminoa, hain da zabaldua.

Al-Andalusko kolonizazioa ez da Iberiar Penintsulara mugatu daitekeen gertaera, garaiko testuinguru europarrean gizarte feudalaren hedapenaren garaia baita, feudalismoaren bihotzetatik (frankoen kokagunetik) kanporantz. Honela, Irlandako konkista ingelesa, alemaniarren ekialderako hedapena, Gurutzaden bidez Lurralde Santuen okupazioa, besteak beste, prozesu beraren beste adibide batzuk izango lirateke.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search