Eskola

Eskola irakasleak eta ikasleek osatzen dute funtsean. Irudian, Afrikako eskola txiro bat, etxe, mahai eta aulkirik gabe.

Hezkuntzan, eskola edo ikastetxea ezaguerak irakatsi eta ikasten diren erakundea da, non irakasleek ikasleei irakatsi eta ikasleek ikasi egiten duten. Terminoa hezkuntza sistema baten barnean eta pertsona guztientzat derrigorrezkoak diren erakundeak izendatzen ditu, hala nola lehen hezkuntza edo bigarren hezkuntzako eskolak. Zabalago, hezkuntza maila guztietan aplikatzen den terminoa da: haur eskola, helduen eskola eta baita unibertsitateko ikastetxe zenbaitetan ere. Hezkuntza sistematik kanpo ere autoeskola, musika-eskola, hizkuntza-eskola eta hezkuntza lana egiten duten beste erakunde guztiak izendatzen ditu. Euskal Herrian, ikastola terminoa ere erabiltzen da lehen eta bigarren hezkuntzako mailetan irakaskuntza euskaraz eskaintzen duten ikastetxeei. Hezkuntzarako guneak izateaz gainera, eskolak gizarteratzeko tresna garrantzitsuak dira, haurren kasuan bereziki, familiatik gizartera pasatzeko zubi moduan. Ildo horretatik, ezaguerak transmititzeaz haraindi, egiten, izaten eta elkarrekin bizitzen ikasteko erakundea izan behar da eskola.

Gehienetan, eskoletan ikasleak talde edo ikasgeletan banatzen dira, adina edo ezaguera-mailaren arabera. Bertan, gaiaren araberako eskolak edo lezioak (matematika, hizkuntza, musika, ...) ikasten dituzte, curriculum baten arabera, irakasleak emandako hitzezko edo irudizko azalpenei esker, eskola ordutegi bati jarraiki eta modu antolatu batean. Ikasleak ere modu aktiboan hartzen du parte bere ikasketa prozesuan, ezaguera berriak eskuratu eta finkatzeko ariketak, buruketak, idazlanak, praktikak eta bestelako lanak eginez. Aldiro, ikaslea irakasgai bakoitzean eskuratutako ezaguerak ebaluatu egiten dira.

Eskola publikoak guztientzat zabalik dauden eskolak dira, gehienetan estatuen babespean. Eskola pribatuek, berriz, esku pribatuetan daude, bere burua gobernatu eta nahi dituzten ikasleak bakarrik onartzen dituzte, kasu askotan gizarte bereizkeria sorraraziz. Eskola pribatuetan, gainera, ikasleek ikasketen kostuaren zati handi bat ordaindu behar izaten dute, eskola publikoetan ez bezala. Erlijioa ere eskolak bereizteko irizpide nabarmen bat izaten da: badira eskola katolikoak, islamikoak edo erlijioa gai nagusitzat hartzen ez duten eskolak, Europako eskola publiko gehienak bezala. Herrialde baten barnean ere, eskolak ikasketetan erabiltzen den hizkuntzaren arabera sailka daitezke: Euskal Herrian, adibidez, badira euskara hutsezko eskolak baina baita ere, gaztelaniaz, frantsesez eta beste hizkuntzetan ikasgaiak ematen dituzten eskolak. Beste alde batetik, eskola modernoetan neskek eta mutilek elkarrekin ikasten badute ere, badira eskolak mutilak edo neskak bakarrik onartzen dituztenak.

Oro har, hezkuntzako eta, bidenabar, eskolako jarduera eta prozesu funtsezkoenak aztertzen dituen arloa pedagogia da. Didaktikak, berriz, praktikan eskolako ikasketa prozesurako nolako tresnak erabili behar diren aztertzen ditu. Egun, ikasleak berak autonomia lortu eta bere ikasketa prozesuaren jabe izatea bultzatzen duten hezkuntza pentsamendu pedagogikoa zabaltzen ari da, antzina irakasleak modu teorikoan eta ikaslearen parte hartzerik gabe lezioak ematen zituen eskola eredua baztertuz. Dena den, hezkuntza sistema modernoek eta, horiekin batera, eskolek ere, eskola tradizionalen ezaugarri zenbait jaso dituzte: irakasgaien antolamendu zurruna, ikasleen arteko lehia, saria eta zigorra, arrakasta eta porrota ideiak besteak beste. Eredu tradizional honi aurre egiten dioten eskola eredu zenbait proposatu dira historian zehar. Muturreko ikuspuntu baten arabera, eskola botere-sistema mesedetan dagoen erakundea da, gizakiak ikasteko berez duen gogoa kendu, alienatu eta azkenean gizabanakoari askatasuna kentzen duena. Pentsalari hauen artean Ivan Illich nabarmentzen da. Deseskolatzea proposatzen duten eredu horietara heldu gabe, beste batzuek gizartera irekia dagoen eskola proposatzen dute, Célestin Freineten jarraitzaileak bezala, edota ikaslearen berezko ahalmenetan oinarritutako eskola bat, Maria Montessoriren pedagogian bezala.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search