Esplorazioen Aroa

Amerika agertzen den mapamundi zaharrena, Juan de la Cosa itsasgizonak 1500. urtean El Puerto de Santa Marian (Cadiz) egina. Mundu Berria ezkerraldean agertzen da (berdez) eta Mundu Zaharra erdialdean eta eskumaldean (zuriz).

Esplorazioen Aroa XV. mendetik XVII. mendera bitarte eman zen garai historikoa da. Denbora horretan zehar, europarrek, batez ere, portugaldarrek, espainiarrek eta britainiarrek, ia mundu osoa zeharkatu zuten, berori kartografiatzen eta konkistatzen. Europako lurralde horien zabalkundearen kausa, batik bat, Asiako aberastasunaren nahia izan zen, horrela, merkatu berrien bila abiatuz. Egindako bidaietan europarrek eurentzako ezezagunak ziren zenbait lurralde aurkitu zituzten, nahiz eta leku horietako gehienetan ordurako jendea bizi zen. Europarrak ez ziren askorentzako, bestalde, esplorazio eta aurkikuntzen garaia ezagutzen ez zituzten kontinenteetako inbaditzaileen iritsiera ekarri zuen.

Esplorazio globala portugaldarren honako aurkikuntzekin hasi zen: Madeira eta Azoreetako atlantiar artxipelagoetakoa, Afrikako kostaldekoa eta 1498an Indiako itsas-ibilbidekoa. Horrez gain, hasiera hartan, Gaztelako Koroa, Kristobal Kolonek (1492-1502) Ameriketara egin zituen bidaia transatlantikoak eta munduko lehen zirkumnabigazioa (1519-1522) garrantzitsuak izan ziren. Aurkikuntza horiek zenbait espedizio behar izan zituzten; bai itsaso bidezkoak (Ozeano Atlantikoa, Indiakoa eta Pazifikoa zeharkatuz) zein lurrekoak (Amerika, Asia, Afrika eta Australia zeharkatuz), XIX. mendera arte luzatu zirenak, Poloetako herrialdeen esplorazioekin bukatuz XX. mendean.

Europak bestelako kontinenteetan egindako esplorazioek mundu mailako merkataritzaren gorakada ekarri zuten; horrela, kolondar trukaketa deritzona emanez: Mundu Zaharra (Europa, Asia eta Afrika) eta Berriaren (Amerika eta Australia) artean 1492. urtetik aurrera eman zen trukaketa izan zen, non giza populazioak, kulturak, gaixotasunak, elikagaiak, animaliak eta landareak besterendu zituzten bi hemisferioetakoek. Gertaera garrantzitsua izan zen ekologiaren, nekazaritzaren eta kulturaren historian.

Esplorazio zein aurkikuntzek munduko mapen eraketak ahalbidetu zituzten, munduaren ikuskera berria txertatuz eta bata bestearengandik urruti kokaturiko zibilizazioak harremanetan jarriz. Haatik, Esplorazioen Aroak ekarritako ondorio oro ez zen positiboa izan: esklabutza, esplotazioa, konkista militarra, gaixotasunen barreiaketa eta Europa eta bere kolonien nagusitasun ekonomikoa konkistatutako lurraldeekiko izan ziren, besteak beste, ekarri zituen ondorio bortitzak. Kristautasunaren hedapena ere har daiteke garaiaren efektutzat, islamarekin batera erlijio zabalduena bilakatuz.

Garai hartako esploratzaileen artean, zerrenda luzeago baten artean, besteak beste, honako hauek nabarmen daitezke: Kristobal Kolon, Juan Sebastian Elkano, Vasco da Gama, Pedro Álvarez Cabral, Juan de la Cosa, Bartolomé Díaz, Juan Caboto, Diego García de Moguer, Fernando Magallanes, Andres Urdaneta, Diego de Almagro, Katalina Erauso, García Jofre de Loaísa, Mencía Calderón, Miguel López de Legazpi, Ines Suarez, Francisco Pizarro, Francisco de Orellana, Isabel Barreto, Willen Barents eta Jacques Cartier.

Garai hartan oso bitarteko prekarioekin burutu zituzten esplorazioak, izan ere, itsasontziak oso ahulak ziren ekaitzen aurrean, kapitainek zein gidariek zailtasunez zehatz zezaketen longitudea, teredoek (edo zur zizareek) ontzietako zur puskak erasotzen zituzten, elikadura ezegokia zen bidaia luzeetarako, higienea eta bizi-baldintzak ontzietan eskasak ziren eta espedizioek zekartzaten arriskuak eta har zitezkeen gaixotasunak nabarmenak ziren. Hala ere, baldintzak baldintza, esploratzaileek aberastasun pertsonala lortzeko, balio handiko lehengaiak eskuratzeko edota beraien lurraldeak hedatzeko itxaropenez burutu zituzten bidaiak.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search