Estatistika

Estatistikak datuetan dauden joerak eta erregulartasunak bilatzen eta zehazten ditu, natura eta giza fenomenoak argitze aldera. Irudian, errealitatetik jasotako datu multzo bati estatistika-teknika batez egokitutako lerroa.

Estatistika matematikaren adar bat da, datuak biltzeaz, sailkatzeaz, aztertzeaz, interpretatzeaz eta aurkezteaz arduratzen dena.[1][2] Helburutzat du datu horien baitan dauden erregulartasunak eta erlazioak hautematea, horietarako ereduak eratzea, iragarpenak egitea, konklusio zehatzak ematea, eta erabaki egokiak hartzea. Labur, estatistikaren helburua da jasotako datuetatik informazio baliagarria eskuratzeko teknikak garatu eta aplikatzea. Horretarako, matematika, probabilitate teoria eta erabaki-teoria oinarritzat hartzen ditu. Estatistikaren teknikak maila bitan erabiltzen dira: estatistika deskribatzailean teknika sinple eta errazak erabiltzen dira datuak irudikatu eta laburtzeko; inferentzia estatistikoak, berriz, azterketa konplexuago eta zorrotzagoa egiten du, datuak eredu matematiko batera egokitu eta berarekin duten errore estatistikoa neurtuz, probabilitate kontzeptuan oinarrituz horretarako. Egun funtsezko metodologia da ikerketa zientifikoan eta alor guztietan zabaltzen da bere erabilera, hala nola ekonomian, medikuntzan, soziologian eta meteorologian. Hala ere, erabilera oker batengatik estatistika manipulazio eta erroreen iturburua izan da sarri; hori dela eta, estatistikaren emaitzak behar bezala interpretatzeko garrantzitsutzat jotzen dira estatistikaren jendarteratzea eta estatistika-hezkuntza zorrotza, estatistika teknikak eta horietarako programa informatikoen aukerak tentuz baliatzeko.

Beste alde batetik, estatistikak terminoa edonolako datu multzoak, baina gehienetan erakunde publikoek argitaratutako datu ofizialak, adierazteko ere erabili ohi da (langabetuen estatistikak eta osasun estatistikak, esaterako). Estatistika ez da, ordea, datuak jasotzera mugatzen, harago doa eta datuen azterketarako metodologia ere hartzen du bere baitan.

  1. (Ingelesez) Dodge, Y. (2006) The Oxford Dictionary of Statistical Terms, Oxford University Press. ISBN 0-19-920613-9
  2. (Ingelesez) Romijn, Jan-Willem. (2014). Philosophy of statistics. Stanford Encyclopedia of Philosophy.

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search