Estatu liberal

Estatu liberala

Estatu liberala, XVIII. mendearen bukaeran eman ziren hainbat iraultzaren ondorioz (Iparramerikako zein mugimendu hispanoamerikarren iraultza independentistak eta Frantziar iraultza esaterako, azken honek garrantzia handiagoa duelarik) sortutako estatu-mota edo botere-antolaketarako forma da. Iraultza hauen ondorioz, Antzinako Erregimeneko Estatu absolutistarekin betirako bukatzea lortu zen. Horren ordez, Estatu liberala ezarri zen, oinarria doktrina liberala delarik. Gizartea eta Estatuaren arteko harremana legearen bitartez kudeatuko zen eta sufragioaren bitartez izango zuten aukera gizabanakoek estatura heltzeko. Estatuaren kudeaketa eta legegintza berri honetan, askatasuna eta berdintasunaren alde egin zuten.[1]

Gaur egun arte iraun duela uler daiteke, edo bi mundu-gerren artekora tartean amaitu zela uler daiteke, 1918 eta 1939 bitartean, alegia, non krisialdian sartu zen.

Liberalismoa hasten da gizabanakoa jarduera politikoaren muina dela pentsatzen hasten denean. Gobernuak bermatu behar du gizabanakoak gauzak egiteko askatasuna behar duela, eta horretarako, bere eskubideak babesten dituen legedia bat jarri behar du. Horrela interes propioak lortzeko saiakera eta ahaleginak egingo dituzte. Botere politikoan daudenek ezingo dute inolaz ere ez askatasun horiek kendu. Oinarri guzti horiek kontuan hartuta esan daiteke politikaren helburua besteen interesak orekatzea dela eta ez ongia bilatzea.[2]

Hiru dira liberalismo politikoaren printzipio oinarrizkoenak. Lehena, monarkia absolutuetako mendeko kontzeptuaren ordez, hiritarra erabiltzea, hiritarra baita eskubide besterenezinen subjektua, eskubideen deklarazioetan onartuta dagoenaren arabera. Beste printzipio bat da gremio eta korporazioen askatasun partikularrak indargabetzea, askatasunaren kontzeptu unibertsalaren alde, eta hori arlo askotan aplikatzen da: politikan, ekonomian eta jabetza-eskubideen defentsan, kode zibil guztietan adierazitakoaren arabera. Azkenik, subiranotasunaren jatorria ez du jainkoarengan kokatzen, herrian edo nazioan baino, bertsiorik erradikalenean eta demokratikoenean. Funtsezko printzipio batean biltzen da esandako guztia: botere politikoa legearen nagusitasunaren arabera erabili behar da, hots, konstituzio baten arabera. Eta boterearen erabilera hori ez da posible botere-banaketa egokirik gabe, banaketa horri esker lortuko baita boterearen beraren kontrola eta oreka.[3]

Alabaina, ezinezkoa da eredu bakar bat balitz bezala azaltzea, zeren eta urteak igaro ahala ezaugarri komuneko hainbat estatu sortu baitira, eta guztien artean itxuratu dute estatu liberalaren eredua. Lehen liberalismoaren oinarria Amerikako Estatu Batuetan egindako Virginiako Eskubideen Adierazpenean jasota geratu zen (1776), baita Frantzian egindako Gizonaren eta Herritarraren Eskubideen Adierazpenean ere (1789).[3]

  1. Del Pozo Andrés, María del Mar. (2018-06-27). «Los colores de la patria. Símbolos nacionales en la España contemporánea» Historia y Memoria de la Educación (8): 815.  doi:10.5944/hme.8.2018.22088. ISSN 2444-0043. (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).
  2. Galston, William A.. (1991-08-30). Liberal Purposes. Cambridge University Press ISBN 978-0-521-41036-6. (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).
  3. a b Miguelena Torrado, Joana; Dávila Balsera, Paulí; Naya Garmendia, Luis María. (2018). «Éxito universitario en el País Vasco: el programa Arrakasta» Educación e Inclusión Aportes y perspectivas de la Educación Comparada para la Equidad (Universidad de La Laguna. Servicio de Publicaciones)  doi:10.25145/c.educomp.2018.16.054. ISBN 978-84-16471-19-5. (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search