Suediaren barnean egon zen 1809 arte, eta bertako ohiturak gaurdaino mantendu dira. Ondoren, Errusiaren mende egon zen, baina independentzia osoa zeukan Dukerri Handi bat osatu zuen, finlandiar kultura berpiztea ekarri zuena. Errusiako Iraultzaren ondoren, sobietarren esku geratu baino lehen, independentzia lortu zuten, eta euren mugak babestu nahian, Alemaniarekin bat egin zuten. Bigarren Mundu GerranSESBen kontra borrokatu zen, independentziari eusteko. Alemaniak gerra galdu ostean, aliatuen zigor gogorrak jaso zituen, eta ordutik kanpo-politika neutrala eta hotza egin zuen.
Ekonomia eta ongizate maila etengabe hazten joan dira azken urteotan, harik eta gaur egun, munduko herrialderik garatuenetan 11.a izan arte. Gainera, erakunde garrantzitsuek herrialde askeena izendatu dute, prentsa askea, ustelkeriarik eza eta eskubide politikoengatik. Haren jarrera neutralak, halaber, munduko herrialderik zoriontsuenetarikoa bilakatu du.
Åland Uharteak Finlandiako berezitasun bat dira. Betidanik, Baltikoko merkatalgune izan dira, eta herrialde askotako biztanleak bizi izan dira bertan. Finlandiaren parte izan da beti, baina haien kultura propioa dute, nahasketen ondorioz sortutakoa, alegia. Hori dela-eta, uharteek autonomia maila sendoa daukate, eta bertan finlandiar gobernuak esku-hartzea debekatua dituen hainbat erabaki har daitezke. Finlandiako suediera hiztunen gehiengoa bertan bizi da.