Flandriar nazionalismo

Flandriako bandera. Flandriako abertzaleek aldaketa txiki bat egin diote bandera honi, lehoia guztiz beltza baita, baita mihia eta atzaparrak ere

Flandriar nazionalismoa (nederlanderaz: Vlaamse Beweging) Flandriarentzat autogobernu handiagoa edo independentzia osoa eskatu eta Flandriako kultura eta -bereziki- hizkuntza babestu nahi duen ideologia politikoa da. Belgikako Erresuma sortu (1830ean) eta urte gutxira agertu zen, Estatu berriak hasieratik frantses hizkuntzaren aldeko hautua egin zuenean. XIX. mendearen bigarren erdian eta XX. mendearen hasieran Flandriako hizkuntzaren aldeko aldarrikapenak egitera mugatu zen, baina XX. mendearen hirugarren hamarkadan alderdi abertzale flandriarrak agertu ziren, flandriar abertzaletasunari eduki politikoak eman zizkiotenak.

Bigarren Mundu Gerran naziek Belgika inbaditu zuten, eta flandriar abertzale ugarik haien alde jo zuten, pairatzen zuten bazterketa linguistikoa naziek gainditzen lagunduko zietelakoan. Gerra bukatuta, nazionalismo flandriarrak ospe ona galdu zuen Belgikan, eta bere alderdi politiko nagusia, Vlaamsch Nationaal Verbond, VNV) debekatuta eta ilegalizatuta izan zen.

Hala ere, 1954. urtean Volksunie (Herri Batasuna, euskaraz) izeneko alderdia sortu zen, arrakasta handia lortu zuen lehenengo alderdi abertzale flandriarra izanik. Alderdi hori 2001ean desegin zen eta desagertze horietatik alderdi abertzale berriak azaldu ziren (Nieuw-Vlaamse Alliantie -NVA- garrantzitsuena izanik).


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search