Frantziako Estatu Orokorrak

Estatu Orokorrak irekitzeko eguna, 1789ko maiatzaren 5ean.

Estatu Orokorrak[1][2] (frantsesez, États Généraux) Antzinako Erregimeneko Frantzian erresumako estamentu (klase) guztien biltzarra zen. Erregeak ezohiko egoeretan biltzen zituen, krisialdi politikoren bati edo gerraren bati aurre egiteko, edota arlo militarrean edo zergetan laguntzeko. Parlamentuek ez bezala, Estatu Orokorrek ez zuten inolako gaitasunik legeen edo justiziaren arloan, eta ez dira biak nahastu behar.

Frantziako Filipe IV.ak sortu zituen 1302an, bere erabakiek legitimazio handiagoa izan zezaten, Aita santuak emandako Ausculta fili izeneko buldaren aurka. Hastapenean, apaizteria, noblezia eta hiri onen ordezkariak biltzen zituzten eta, 1484ra arte, oïl hizkuntzako eta oc hizkuntzako lurraldeek Estatu Orokor bereziak zituzten. Frantzian 1789ra arte segitu zuten biltzen. Azkenak, Luis XVI.ak deitu zituen Estatuaren zorra kitatzeko, baina ekainaren 27ko Pilotalekuko Zinaren ostean, Biltzar Nazionalak ordeztu zituen Estatu Orokorrak.

Antzeko biltzarrak Herbeheretan (Estatu Orokorrak), Ingalaterran (Parlamentua), Eskozian (Parlamentua), Nafarroan (Gorteak) edo Germaniako Erromatar Inperio Santuan (Dieta), besteak beste, sortu ziren zio berdintsuak zirela medio. Izan ere, erregeen (edo nobleen) botereak zabaltzean, sistema feudalaren oztopoa topatu zuen. Feudalismoaren indarrekin elkarlanean aritu behar izan zuten haiengandik laguntza eta aholkua (auxilium et consilium latinez) lortzeko.

  1. «Euskal Herriko Foru-sistema»[Betiko hautsitako esteka], Elkar argitaletxearen webgunea.
  2. «Estatu Orokorrak», Elhuyar.

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search