Ganges | |
---|---|
![]() | |
Datu orokorrak | |
Garaiera | 9 m |
Mota | ibai eta sacred river (en) ![]() |
Luzera | 2.525 km |
Eponimoa | Ganga (en) ![]() |
Geografia | |
![]() ![]() | |
Koordenatuak | 22°05′00″N 90°50′00″E / 22.0833°N 90.8333°E |
Hidrografia | |
Ibaiadarrak | ikusi
|
Arroaren azalera | 1.060.000 km² |
Arro hidrografikoa | Ganges Basin (en) ![]() |
Ur-emaria | 12.000 m³/s |
Iturburua | Gangotri Glacier (en) ![]() (7.756 m) |
Bokalea () | Bengalako golkoa |
Ganges[1] (hindiz, maratheraz, bengaleraz, nepaleraz: गंगा edo Gaṅgā) Indiako azpikontinenteko ibai nagusietako bat da.
Indiako azpikontinenteko nazioarteko ibaia da, eta Indian eta Bangladeshen barrena doa. 2525 km-ko ur-ibilgua Uttarakhand Indiako estatuko mendebaldeko Himalaietan sortzen da, eta hegoalderantz eta ekialderantz doa, Ipar Indiako Indus-Gangesetako lautadan zehar. Mendebaldeko Bengalan sartu ondoren, bi banatzailetan banatzen da: Hooghly edo Adi Ganga, Mendebaldeko Bengalako zenbait barruti zeharkatzen dituena eta Sagar uhartetik gertuko Bengalako badian ura husten duena eta, Padma, Bangladeshen barrena doana. Horrek Meghnarekin bat egiten du, eta, azkenean, badia berean amaitu. Bokalean, Brahmaputra ere iristen da, eta Ganges ibaiaren delta osatzen du. Munduko delta handiena da, Sundarbans izenaz ("Baso ederrak") ezagutzen dena; Mangladi-baso trinkoa du, eta Bengalako tigrearen habitat nagusietako bat da. Sundarbans parke nazionala dago bertan, eta Unescok, 1997an, Gizateriaren ondare izendatu zuen. Bere arroa munduko populatuenetako bat da, eta, hinduismoan, ibai sakratua da: Ganga jainkosa.
Ganges ibaiak eta haren ibaiadarrek 907.000 km²-ko arro emankorra drainatzen dute, eta biztanle-kontzentrazio handia du. Munduko dentsitate handienetako bat du (2005ean, munduko hamabi pertsonatik bat eskualdean bizi zen). Batez besteko sakonera 16 m-koa da, eta, gehienekoa, 30 m-koa. Hinduismoaren zazpi ibai sakratuetatik garrantzitsuena da[2]; hango uretan milioika fededun bainatzen baitira purifikatzeko[3]. Indiar asko joaten dira ibaira hiltzera, uste baitute Ganges ibaian hiltzea eta, batez ere, Varanasin, ezker aldean, Haragitze-zikloa amaitu eta moksha-ra (budisten Nirvanaren baliokidea) iristeko aukera ematen duela. Maa Ganga ("Ama Ganges") edo Ganga Deví ("Gaṅgā jainkosa")[4] izenez ezagutzen da. Tradizioaren arabera, Gangesko urek zerua gurutzatzen zuten, eta Indiako basamortuek, berriz, egarriz hiltzen ziren.
Bhagiratha erregeak otoitz egin zien jainkoei, zeruak, bere urekin, lur egarrituak urezta zitzan; jainkoek jaramon egin, eta urak bidali zituzten lurrera, nahiz eta hain gogor erori, ezen gizateria guztien bizitza mozteko mehatxatu baitzuten. Orduan, miraria gertatu zen: Shivak, gizateriaz urrikalduta, eragin zuen urek bere buruaren gainera eror eta mila urtez bere ile luzetaen zehar irrist egin zezaten, ibai sakratua, lasaia eta neurrikoa, Himalaian jaio baino lehen, gizakientzat arriskurik gabe.
Oso garrantzitsua da, halaber, gaur egun ibaitik hurbil bizi diren 400 milioi indiarrentzat, beren eguneroko beharretarako haren mende baitaude[5][6]. Historikoki ere, zeregin garrantzitsua izan du antzinako hiriburu probintzial edo inperial askoren ardatz eta euskarri gisa, hala nola Kannauj, Kamilya, Kara, Prayagraj, Kashgar, Patna, Hajipur, Munger, Bhagalpur, Baranagar, Murshidabad, Baharampur, Nabadwip, Saptagram eta Kalkuta. Hala ere, munduko ibairik kutsatuenetako bat ere bada[7], eta ozeanoetako kutsadura-iturri garrantzitsua, mundu osoan, hondakin plastikoen isurketa dela eta[8]. Helmholtz Zentroak 2018an argitaratutako ingurumen-ikerkuntzarako egindako azterketa batek dioenez, itsas kutsadurari ekarpen handiena egiten dioten 10 ibaietako lehena da, urtero 545 milioi kilo hondakin plastiko baitarama[9]. Ibaian, Varanasi inguruan, giza hondakinetatik datozen bakterio koliforme fekalen mailak Indiako gobernuaren muga ofiziala baino milioi erdi aldiz handiagoak dira[7]. Ganges Ekintza Plana, ibaia garbitzeko ingurumen-ekimena, porrot handia izan da orain arte[10], ustelkeriaren, gobernuaren borondate faltaren, burokraziaren, esperientzia tekniko faltaren, ingurumen-plangintza eskasaren eta agintari erlijiosoen laguntza faltaren ondorioz. Ibaiko kutsadura handia mehatxua da gizakientzat eta faunarentzat: 140 bat arrain-espezie, 90 anfibio-espezie eta bi izurde-espezie (Gangeseko izurdea[11], desagertzeko arriskuan eta Irrawaddy izurdea) daude tartean. Interesgarria da ere Glyphis gangeticus izeneko marrazo-espeziearengatik, galtzeko arrisku kritikotzat jotzen dena.
Hain ibai inportantea da Indian, non Jawaharlal Nehruk Discovery of India bere liburuan idatzi zuen:
« | Gangesaren historia, bere iturritik itsasora, aitzinetik gaur egunera, Indiako zibilizazioa eta kulturaren historia da, inperioen hasiera eta bukaera, hiri handi eta harroak, gizonaren balentriak… | » |
© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search