Garai (eraikina)

Santa Feko garaia: Baratzagaitzeko Santa Fe monasterioa (Nafarroa).
Iratxetako (Nafarroa) garaia.
Markina-Xemeingo Barinaga auzoko (Bizkaia) gereixa.
Orbaizetako (Nafarroa) garaia.
Pontevedrako (Galizia) garaia.
Garaia Saas-Fee herrian (Suitza).
Suediako garaia.
Okinawa uharteko (Japonia) garaia.

Garaia[1] (euskalkiaren edo tokiaren arabera: gare, garaixe, gereixa, galtegi, saltai, zalgategi, aletegi, aletoki, altegi, bihitegi, hazitegi, bandio, mandio, mandiota, selaru, selauru, selauri, soilaru, idortegi, idorde, aldategi, aldetegi, lagorio, zizku, troxa, trotxa[2]) baserri inguruetako garautegi, aletegi, mandio edo bihitegia da. Garaiaren berezkotasun nagusia elikagaiak lurretik aldentzean datza. Habearri izeneko zutabeek zubiluzea harriaren pisua eusten dutenez, lurreko hezetasunetik eta karraskarietatik aldenduta elikagaiak ongi gorde daitezke. Hormetako zirrikituek barnealdea egurasten dute. Bertan mota ezberdinetako produktu edo lanabesak gordetzen dira: artoa, lursagar edo patatak, babarrunak, baserriko lanabesak, etab...

Eraikuntza hauek Iberiar penintsulako iparraldean (bereziki Galizia eta Asturiasen) oso ohikoak dira, eta Europako iparraldeko hainbat tokitan ere, landa eremuetan beti. Garai eraikuntzak beste hizkuntzetan dituen adierak: gaztelaniaz hórreo; galizieraz hórreo, cabazo, cabaceiro, cabaceira, canastro, paneira, piorno; asturieraz horru, hórreu, leoneraz horriu, kantabrieraz hurriu, portugesez espigueiro, canastro, caniço, norvegieraz stabbur, suedieraz härbre, stolphärbre, stolpbod, eta frantsesez raccard, regard.

XVII. mendearen hasieran artoa agertu zenean, artaburuak lehortzeko eta alea ez txantxartzeko eraikitzen hasi zen, klima atlantikoko negu luze, heze eta hotzak uzta goiz biltzera behartzen baitu. XIX mendean beharrezkoa izan zen sabaia handitzea babarrunarentzat eta patatarentzat tokia uzteko, horiek ere toki lehorra eta aireztatua eskatzen baitzuten[3].

  1. Euskaltzaindiaren hiztegi batua
  2. Auñamendi eusko entziklopedia
  3. Bizitza eta lana baserrian, Bertan, 4. Gipuzkoakultura.net

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search