Giza Genoma Proiektua

Giza Genoma Proiektuaren logoa

Giza Genoma Proiektua (GGP) nazioarteko ikerketa proiektu zientifikoa izan zen, gizakion azido desoxirribonukleikoa (DNA) osatzen duten base pareen sekuentzia zehazteko eta ikuspuntu fisiko eta funtzional batetik proteinak kodetzen dituzten eta ez dituzten batez-besteko giza genoma baten gene guztiak identifikatu eta kartografiatzeko helburuarekin burutu zena. 2003an argitaratu zen giza genomaren sekuentzia[1].

Proiektua 1990ean sortu zen Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Energia Sailak (DOE]) eta Osasun Institutu Nazionalak ([NIH]) koordinatuta, hainbat herrialdetako zientzialariek osatutako ikerketa-talde publikoaren buru zen Francis Collins doktorearen zuzendaritzapean. 3000 milioi dolarrez hornitua izan zen, eta 15 urteko epea eman zitzaion.

Nazioarteko lankidetza zabalaren zein genomikaren eta teknologia konputazionalaren alorrean emandako aurrerapenei esker, genomaren hasierako zirriborro bat 2000. urtean amaitu zen (Bill Clinton presidente ohiak eta Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro ohiak batera iragarri zuten 2000ko ekainaren 26an). Azkenean, genoma osoa 2003ko apirilean aurkeztu zen[2], espero baino bi urte lehenago. Sekuentziazio gehienak Estatu Batuetako, Kanadako, Zeelanda Berriko, eta Erresuma Batuko unibertsitate eta ikerketa-zentroetan egin ziren.

Giza genomaren sekuentzia osoa ezagutzea oso garrantzitsua da ikerketa biomedikoko eta genetika klinikoko ikerkuntzei dagokienez, izan ere, gutxi aztertutako gaixotasunen, sendagai berrien eta diagnostiko fidagarriagoen eta azkarragoen ezagutza garatzea ahalbidetzen baitu. Dena den, organismo baten gene-sekuentzia osoaren aurkikuntzak ez du haren fenotipoaren ezagumendua ahalbidetzen[3]. Gainera, genomikaren zientziak jada eztabaidatzen hasiak diren arazo etiko eta sozialak mahai gainera ekarri ditu.

Banako bakoitzaren genoma bakarra da. Giza genoma zehazteko, pertsona kopuru txiki bat aukeratu eta sekuentziatu zen, gero informazio guztia bilduz kromosoma bakoitzarentzat sekuentzia oso bat lortzeko. Hori dela eta, amaitu eta argitaratutako giza genoma mosaiko bat da, ez du gizabanako bat ordezkatzen. Proiektuaren baliagarritasuna gizakion gehiengo zabalaren genoma gizaki guztietan ia berbera izatetik dator.

  1. (Ingelesez) Collins, Francis S.; Morgan, Michael; Patrinos, Aristides. (2003-04-11). «The Human Genome Project: Lessons from Large-Scale Biology» Science 300 (5617): 286–290.  doi:10.1126/science.1084564. ISSN 0036-8075. (Noiz kontsultatua: 2022-03-09).
  2. (Ingelesez) «Consorcio Internacional Completa el Proyecto Genoma Humano» Genome.gov (Noiz kontsultatua: 2022-03-10).
  3. Asier, Fullaondo. (2010-05-01). «Genoma pertsonalen balioa edo baliorik eza» Zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-03-10).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search