Giza geografia

John Snow-ren mapa, Londreseko 1854ko epidemiako kolera kasuen multzokatzea erakusten duena. Giza geografiaren erabileraren lehen kasuetako bat da.

Giza geografia giza populazioa (kokapena, bilakaera demografiko eta espaziala, eta abar) aztertzen dituen geografiaren atala da (zentzu zabalean, geografia ekonomikoa, historikoa, politikoa, eta abar ere hartzen ditu bere baitan)[1]. Hori dela eta, ikerketa kualitatiboak erabiltzen dituen zientzia hau geografiaren bi atal nagusienetako bat da, bestea geografia fisikoa izanik.

Lurraren propietate fisikoak deskribatzera eta teorizatzera zuzenduta egon ez zen lehen lan geografikoetako bat John Snow medikuak Londreseko kolera agerraldia irudikatzeko egin zuen mapa bat da. Osasun-geografiaren adibide goiztiarrenetako bat da. Hala ere, giza geografiari buruzko lehen lan osoa, Anthropogeographie izenekoa, Alemanian agertu zen 1899an, Friedrich Ratzel geografoaren eskutik. XX. mendearen hasieran, geografo frantziarrek (Paul Vidal de La Blache, Albert Demangeon, Max Derruau, Élisée Reclus) bultzada handia eman zioten geografiaren adar honi. Azken horren La Nouvelle Géographie universelle, la terre et les hommes lana giza geografia ikuspuntu ekologikoa kontuan hartuta garatu zuen lehena izan zen.

Giza geografia sortzeko erabiltzen diren metodoak geografia orokorrarenak dira gehienetan. Prozedura kuantitatiboak zein kualitatiboak erabiltzen dira, besteak beste inkestak, analisi estatistikoak, ereduen formulazioa, kasuen ikerketa, etab. tresna kuantitatiboei dagokienez, eta kualitatiboei dagokienez, orokorrean giza zientzietan (demografian, antropologian, historian, soziologian) erabiltzen diren guztiak.

  1. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa. Geografia. .

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search