Gizarte-sarea edo sare soziala grafo bat edo gehiagoren bidez irudikatu daitekeen gizarte egitura da. Grafoaren nodoetan indibiduoak jartzen dira (batzuetan aktoreak deituak) eta ertzetan beraien arteko erlazioa. Erlazio horiek adiskidetasuna, sexu harremanak, finantza-harremanak, eta beste hainbeste modukoak izan daitezke.[1] Internet eta teknologia iristean, harremanetarako ohiko gune bihurtu da ingurune digitala, eta edozein unetan eta edonon komunikatzeko aukera ematen du.[2][3]
Sare sozialen analisiak sareen teoriaren arabera ulertzen ditu gizarte-harremanak, beren nodoekin eta loturekin (alde, esteka edo lotura ere deritze). Nodoak norbanakoak dira, sareetako aktoreak, eta loturak dira aktoreen arteko harremanak. Sortzen diren egiturak, grafoetan oinarrituta daudenak, oso konplexuak izaten dira kasu askotan. Nodoen artean lotura mota asko egon daitezke, gainera. Hainbat eremu akademikotan egindako ikerketek erakutsi dute gizarte-sareak gizarte-maila askotan mugitzen direla, familietatik hasi eta nazioetaraino, eta gaur egun zeregin kritikoa dutela problemak ebazteko moduetan, erakundeak kudeaketan, eta norbanakoek beren helburuak lortzeko izaten duten arrakasta-mailan.
Bertsio sinpleenean, gizarte-sare bat hainbat nodoren artean dauden erlazio zehatzen mapa da, esaterako, "adiskidetasuna" erlazioa. Gizabanako bat beste nodo batzuekin konektatuta dago, gizabanako horren kontaktuak dira horiek, bere "adiskideak" edo "jarraitzaileak". Gizarte-kapitala neurtzeko ere erabil daiteke sarea, hau da, gizabanako batek gizarte-saretik jasotzen duen balioa. Kontzeptu horiek maiz azaltzen dira sare sozialeko diagrama batean, non nodoak puntuak baitira eta loturak lerroak.
© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search