Hamabosteko errugbi

Plakatze saiakera.

Hamabosteko errugbia, eskuarki errugbia deitua, kontaktu kirola da, hamabost jokalariz osatutako bi taldek jokatzen dutena. Ingalaterran sortua, Warwickshireko Rugby School-en garatutako arauak hartu zituen XIX. mendean. Kontaktuzko jokoa da eta oso beharrezkoak ditu trebetasuna, indar fisikoa eta taktika. Mundu guztian zabaldurik dagoen arren, Britainiar uharteetan (Ingalaterra, Irlanda, Gales eta Eskozia), Frantzia, Australia, Zeelanda Berria, Fiji, Samoa, Tonga, Hegoafrika eta Argentinan dauka entzuterik handiena. Euskal Herriari dagokionez, oso hedaturik dago Ipar Euskal Herrian, eta jarraitzaile ugari ditu. Hego Euskal Herrian, berriz, askoz ere zabalkunde murritzagoa du.

Errugbiak nahiko joko zakarra badirudi ere, arau askok osatzen dute, batez ere jokoa segurua eta azkarra izan dadin. Talde lana ezinbestekoa du, prestakuntza fisikoa eta psikologikoa bezala. Norbere segurtasunerako onartuta dago babes batzuk erabiltzea, batez ere burua eta ahoa babesteko: jokoa ez da arriskutsua, jokalari guztiek elkarri agertzen dioten errespetua dela kausa.

Errugbiaren funtsa eta oinarria besteekiko eta arauekiko errespetuan datza. Epailearen erabakiak ez dira ia sekula eztabaidatzen eta partidua bukatu bezain laster, aurkariak lagun bihurtzen dira. Hirugarren Zatia deiturikoa ere bada: parte hartzaile guztiak etxeko taldearen elkartean lagun giroan batzen dira, eskuan garagardo batzuk dauzkatela.

Ezaguna da errugbiaren munduan esaldi eder hau: "Futbola basatiek jokatzen duten zaldunen jokoa da; errugbia, berriz, zaldunek jokatzen duten basatien jokoa".


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search