Hasierako

Otorduak
Otorduak
GosariaHamaiketakoaBazkariaAskariaAfari-meriendaAfariaSorgin-afaria
Jakiak
JanaurrekoaKoktelaZizka-mizkakHasierakoaJaki nagusiaAzkenburukoaBazkalondoaPintxoa

Hasierakoa (gutxi erabilia), herri hizkeran, aperitifa Ipar Euskal Herrian, eta aperitibo Hegoaldean (biak, latin berankorretik: aperire, irekitzea). Goi mailako hizkeran, janaurreko, gosegarri, gose-pizgarri, gazigarri, etab. Kontzeptu berria da, ongizate eta oparotasunarekin lotua, eta dagoeneko ahuldua dabil. Gure inguruko hizkuntza askotan aperitiboa edo aperitifa janariaren aurrean hartzen den edaria baizik ez da. Aperitiboa hartzeari «ahoa garbitzea» eta «ahoko bizarra kentzea» ere esaten zaio.

Adiera hertsian, kultura batzuetan, jateko gogoa piztuko duen edari alkoholdun (txakolin, gin-tonic, pastis, etab.) edo jakia da, zenbaitetan preskripzio fakultatiboz hartu izan dena. Hedapenez, edari horiekin hartzen diren zizka-mizka jangarriei ere (pintxo, itsaski, frijituak) aperitibo derizte. Janaria hasi aurretik hartzen den horrek, jana izan, edana izan, apetituaren ateak zabaltzea du helburu. Gurean, ohiko kontua izan da lankideak edo lagunak aperitiboa hartzera elkartzea, adiskide giroaz gozatzeko, gero bazkaltzera nor bere etxera joango den arren.

Jan aurretik maiz hartzen zen jan-edan poxi hau garrantzia galtzen joan da Euskal Herrian, lehenago bazkaltzeko eta afaltzeko ohiturei esker eta eguerdiko janaria hartzeko astirik ez izatearren, emakumea etxeko lanetan bakarrik zebilen garaiko gizarte patriarkala atzean utzita. Horrenbestez, gaur egun aperitiboa jai-egunean ia bakarrik hartzen da.

XX. mendearen erdialdetik aurrera janaldiko plater kopurua arras murriztu zenez, aperitibo eta zizka-mizka hartzeko liturgia bertan behera utzi eta kontzeptuak nahasten hasi ziren: entremes hitza frantses zaharretik dator: entre-mets, jakien artekoa. Izan ere, Erdi Aroan hasi eta XVII. mendera arte, gutxi gora behera, oturuntza apartak honela garatzen ziren: hasiera emateko, mahaian era guztietako jakiak pilatzen zituzten, beren edari eta guzti, lehen zerbitzuan. Hau bukatutakoan, mahaiak garbitu, zamau, dafail edo mantelak aldatu eta bigarren zerbitzua ematen zen. Hirugarren zerbitzua ere, berdin-berdin. Batetik bestera igarotzeko, mahai- eta ezpain-zapiak aldatu eta altzariak garbitzen ziren bitartean, jangelaren erdian musikari, malabarista, dantzari edo komikoek eskaintzen zituzten emanaldi labur haiei “entre-mets” esaten zitzaien.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search