Hazkuntza mikrobiologiko

Hazkuntza mikrobiologikoak hazkuntza-ingurune solidoetan -Petri plakak, ezkerrean- eta likidoetan -eskuinean-

Hazkuntza mikrobiologikoa mikrobioen hazkundea (bakterioena, onddoena edo birusena) ahalbidetzen duen prozesua da, eskuarki laborategian hazkuntza-inguruneak erabiliz bideratzen dena.

Hazkuntza mikrobiologikoa mikrobiologia klinikoan erabiltzen da mikrobio patogenoak bilatzeko, besteak beste. Ur eta janarien analisi mikrobiologikoetan edo mikrobiologia industrialean ere hazkuntza mikrobiologikoa garrantzi handikoa da.

Gaur egun posible bada ere mikrobioak identifikatzea beste prozedura batzuen bidez (esaterako, mikrobio horren DNA antzematen -PCRen bidez- edo bere proteina espezifikoak -immunofluoreszentzia edo ELISAren bidez-), hazkuntza mikrobiologikoa usu erabiltzen da laborategi mikrobiologikoetan, tresneria oso sofistikatua eskatzen ez duelako, emaitza kuantitatiboak eman ditzakeelako eta beste proba batzuk (antibiograma, esaterako) egiteko aukera ematen duelako.

Hazkuntza mikrobiologikoa prestatzerakoan sarritan mikrobio baten kultura purua lortzea bilatzen da. Hori, bereziki, funtsekoa da mikrobio patogeno baten bila lan egiten denean, patologia infekziosoa sortzen duen mikrobioaren bila, alegia. Beste kasu batzuetan (ur edo janari baten kutsadura mikrobiologiko orokorra jakin nahi denean, adibidez) ez da beharrezkoa kultura purua eskuratzea.

Bakterioak edo onddoak laborategian hazteko haien eskakizun nutritiboak eta behar dituzten ingurumen-baldintzak aintzat hartu behar dira. Hazkuntza-inguruneek eskakizun nutritibo horiek ase behar dituzte; ingurumen-baldintzei dagokienez, kontuan hartuko da hazi behar den mikrobio aerobioa ala anaerobioa den, bere pH eta tenperatura optimoak, etab. Halere, hainbat bakterio ezin izan dira orain arte laborategian haziarazi, beharrezkoa izanik beren identifikaziorako biologia molekularreko teknikak erabiltzea [1].

  1. Gould, S.E. Sequencing the Impossible - working with `unculturable' bacteria Scientific American, 2011ko urria

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search