Hermeneutika

Hermes, jainkoen mezularia, mitologia grekoa. Hermeneutika izenaren sorburua

Hermeneutika (grezieraz: ἑρμηνευτικὴ τέχνηhermeneutiké tekhne, euskaraz: «azaltzeko, itzultzeko edo interpretatzeko artea»), testuak interpretatzeko artea edo teoria da. Interpretatzeko metodologia gisa, giza ekintza esanguratsuak eta ekintza hauek sortzen dituzten produktuak, gehienbat testuak, sortzen dituzten arazoez arduratzen da. Testuen esanahia ahalik eta modu egokienean zehaztea da ikerketa eremu honen helburu nagusia. Diziplina metodologiko gisa, tresna multzo bat eskaintzen du, giza ekintzen interpretazioen arazoei modu eraginkorrean aurre egiteko, testu eta bestelako material esanguratsuetan. Bereziki idatzi sakratu, testu filosofiko eta artistikoak interpretatu ohi dira.[1][2][3]

Hermeneutika bezalako diziplina baten beharra, baliatzen den hizkuntzaren konplexutasunak sortzen du, maiz esanahi ezberdin edo kontrajarriak diren testu esanahietara bideratzen baikaitu. Testuak ulertzerako garaian zailtasun asko ager daitezke, eta testu bera zeharo ezberdin ulertu. Hermeneutikaren historia luzea da, denboran zehar diziplina bera aldatu da, arazoak zein hauei erantzuteko sortutako tresnak ere aldaketa bat jasan dute.[3]

Hermeneutikak, Schleiermacher pentsalariaren obratik aurrera nagusiki, autoreak berak, bere burua ulertzen duen moduan baina hobeki ulertzera eramaten gaitu. Hermeneutika hitzaren atzean aurkitzen den esanahia deszifratzen saiatzen da eta, horrekin batera, esanahiarekiko arrazoiaren interpretazioan saiatzen da. Murray Rothbard bezalako intelektual batzuek hermeneutika “faltsukeria zentzugabe” eta “ulertezin” gisa hartzen dute.[4]

Batzuetan “exegesia” eta “hermeneutika" terminoak sinonimo bezala erabiltzen dira, baina hermeneutika diziplina zabalagoa da, bere barnean hartzen baititu, komunikazio, idatzia, ahozkoa eta ez ahozkoa. Exegesiak, aldiz, testuetan ezartzen du arreta nagusiki. Hermeneutikak, interpretazio metodo partikular bat adierazi nahi du. (Alderatzeko ikus, hermeneutika bikoitza).

"Trinkotasun hermeneutikoa" testuen analisiari dagokio, testuen azalpen koherentea lortzeko nahiari. Hermeneutikak filosofian, Martin Heideggerrek hasi eta Hans-Georg Gadamerrek garatutako (Egia eta metodoa liburuan) ezagutzaren teoria adierazi nahi du nagusiki. Tarteka, Paul Ricoeurren teoriak ere aipatzen dira.[5]

Hermeneutika, hasiera batean, idatzi sakratuen interpretazio edo exegesian aplikatua izan zen. Metodo hermeneutikoa, Alexandria, Antiokia edo Pergamoko antzinako eskolen ondoren, Flacius eta ondoren Meierren obretan kokatu zen; gero, Friedrich Schleiermarcherren pentsamenduan. Hermeneutikak, Diltheyek azaldu zuenaren arabera, ezagutzara zuzendutako metodoaren puntu gorena lortu zuen, hain zuzen, erretorika, dialektika, historia, logika eta gramatikari lotuta.[6] Giza ulermenaren teoria gisa sortu zen XVIII. mende amaieran eta XIX. mende hasieran, Friedich Schleiermarcher eta Wilhelm Dilthey filosofoen obren bitartez.

Hermeneutikak, XX. mendean izan zuen indarraz ohar gaitezke bere eragina kontuan izanik. Esaterako, garatua izan zen Martin Heidegger eta bere ikasle zen Hans-George Gadamer (Egia eta metodoa) pentsalari garrantzitsu bezain eztabaidagarrien eskutik. Hermeneutika modernoa tradizio filologiko eta filosofikoari jarraituz eratzen da, testu handien interpretazio gisa, zehazki biblia, (hermeneutika biblikoa) eta Platonen obra, baina orokorrean testu bereziki zail eta garrantzitsuetara zuzendu da, eta modu naturalean, filologiaren, filosofiaren eta literatur kritikaren berme gisa jardun du. Horrela, edozein giza objektu, humanistikora zabaldu da.

Diltheyen ondoren, filologiaren arloan, eskola idealistak eman dio jarraipena hermeneutikari, zehazki, Leo Spitzerrek eta eskola Estilistikoak. Filosofiaren arloan, ildo alemana izan da nagusi, esan bezala, Martin Heideggerrek zuzendua eta bere ikasle Hans-Georg Gadamerrek jarraitua, aipatutako “Egia eta metodoa” idatzian. [7] XX. mendearen azken laurdenean hermeneutika jarrera filosofiko orokor bat izatera igaro da (koiné moduan izendatua izan dena), bereziki Vattimo pentsalariaren eskolari eta beste europar eta amerikar sektore batzuei lotua: bertatik adar edo eskola asko sortu dira.

  1. (Ingelesez) Audi, Robert. (1999). The Cambridge Dictionary of Philosophy. (2. argitaraldia) Cambridge: Cambridge University Press, 377 or. ISBN 0521637228..
  2. (Ingelesez) Resse, William. L. (1980). Dictionary of Philosophy and Religion. Sussex: Harvester Press, 221 or. ISBN 0855271477...
  3. a b Mantzavinos, C.. (2020). Zalta, Edward N. ed. «Hermeneutics» The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Metaphysics Research Lab, Stanford University) (Noiz kontsultatua: 2020-04-27).
  4. (Ingelesez) kanopiadmin. (2006-09-25). «The Hermeneutical Invasion» Mises Institute (Noiz kontsultatua: 2020-04-27).
  5. (Ingelesez) Grodin, Jean. (1994). Introduction to Philosophical Hermeneutics. Yale University Press, 2 or. ISBN 0-300-05969-8..
  6. (Gaztelaniaz) Dilthey, W.. El mundo historico. , 321-344 or..
  7. (Gaztelaniaz) ASALE, RAE-; RAE. «hermenéutica | Diccionario de la lengua española» «Diccionario de la lengua española» - Edición del Tricentenario (Noiz kontsultatua: 2020-04-27).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search