Higadura

Artikulu hau geologiari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Higadura (argipena)».
Bardea, basogabetzearen ondorioz higadura handia izan duen lurralde bat.

Higadura lurrazaleko gaien karraskatze eta suntsitzea da (lurra, lokatza, arroka eta beste) agente geologikoen eraginpean. Etengabeko marruskatze-lana ibaiek, euri urek, haizeak, izotzak edo itsasoak eragiten dute, grabitazioa edo izaki biziek direla-eta. Kanpo eragile geologikoek (haizeak, glaziarrak, gainazaleko urak, itsasoak) aire zabalean dauden arrokei zatiak erauztea (askatzea) eta herrestan (arrastaka) eramatea da. Materialak jatorrizko lekutik kentzea, gastatzea, alegia.

Higaduraren ondorioz askatutako harri puskak ez dira toki berean gelditzen, agente berak egiten duen mugimenduari esker lekualdatzen dira, hau da, garraiatu. Garraioa burutzen duten agenteak honako hauek dira: grabitatea, ibaiak, errekak eta uharrek daramaten ura, glaziarretako izotza, itsasoko ura eta haizea.

Azkenik harri zati horiek malda edo agentearen abiadura txikitzen delako leku egonkorrago batera iristen direnean, bertan metatzen dira. Prozesu horri sedimentazioa edo jalkitzea deritzo.

Higatutako mineralak, gehienetan uretan disolbaturik, gerora garraiatzea eragile indartsuenetako bat da lurrak sortzeko orduan, eta harri sedimentarioak eratzeko lehen urratsa izango genuke.

Beraz, eragile geologiko motel baino indartsu hau erliebearen modelatzaile nagusienetako bat dugu.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search