Hirigintza

Donostiako 1884ko planoa.

Hirigintza hiriaren antolaketaz arduratzen den diziplina da. Diziplina konplexua izaki, beste hainbat jakintza-arlorekin erlazio zuzena du, besteak beste, arkitektura, lurraldearen antolakuntza, zuzenbidea, ingeniaritza, ekologia, soziologia eta politikarekin.

Egile batzuk artearen esparruan kokatzen dute hirigintza, arkitekturarekin lotura nabarmenduz. Beste batzuk, aldiz, teknikatzat dute, hots, helburu bat lortzeko (kasu honetan, hiria edo lurraldea antolatzea) erabiltzen diren prozedura edo baliabide sorta gisa, adibidez, arestian aipatutako esparruak.

Hirigintza interes orokorraren aldeko jarduera da. Lehenbiziko hiri-plangintzek motibazio defentsiboa edo militarra izan zuten helburu, eta, dudarik gabe, horrek kolektibitatearen aldeko jarrera argia azaltzen du. Egungo legedietan funtzio publikoa argi eta garbi azaltzen da, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoruaren Legeak erakusten duen moduan: hirigintza, hain zuzen, interes orokorraren alde diharduen funtzio publikoa izango da, eta ez «hirigintzaren arloan sortzen diren gainbalioak esku pribatuek lortzeko bidea» [1].

  1. Eusko Jaurlaritza, Euskadiko Lurzoruaren eta Hirigintzaren Legea. Ekainaren 30eko 2/2006 Legea, 18.

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search