Hondar ekaitz

Satelite batetik hartutako Atlantiko Ozeanoaren gaineko harea ekaitz baten irudia. 2000
Harea ekaitza Irakeko Al Asaden

Hondar ekaitza edo hauts ekaitza gertaera meteorologiko bat da, non haize bortitzek hondar partikulak eguratsean daramatzaten saltazio edo suspentsioan. Ekaitz mota hau ohikoa da klima idor eta erdi-idorretan, hala nola Saharan, Ipar Amerikako Zabaldi Handietan, Arabian, Gobi basamortuan Mongolian, Txina ipar-mendebaldeko Taklamakanen eta beste eskualde batzuetan.

Hauts ekaitz gogorrek, ikuspena, hutsera murriz dezakete, bidaiak egitea eragotziz eta lurrazalaren goialdeko geruza airean eraman eta beste toki batzuetan utziz. Lehorteak, eta, jakina, haizeak, halako ekaitzak agertzen laguntzen dute, nekazaritza eta abeltzaintza biziki kaltetzen dituztenak. Ekaitz hauetan bildutako hautsak, milaka kilometro egin ditzake: Saharako harea ekaitzek, Ozeano Atlantikoaren mendebaldeko plankton hazkuntzan eragina dute, eta, zientzialari batzuen arabera, Amazonaseko pluvisilvako landareentzako mineral urrien iturri garrantzitsua dira. Hauts ekaitzak, sarri, satelite artifizialetatik hartutako argazkietan ikus daitezke.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search