Irrati-uhin

Dipolo baten animazioa, eremu elektrikoaren lineak adieraziz. Erdiko antena bi hari metaliko bertikalez eginda dago, horien luzera uhin-luzeraren erdia izanik. Hari horiei korronte alterno bat aplikatzen zaie (alde positibo eta negatiboa alternatzen da) ageri ez den irrati transmisore batekin. Eremu elektrikoaren lineak, irrati-uhinak dira eta hauek ia argiaren abiaduran bidaiatzen dute. Animazioa handiki astirotua dago.

Irrati-uhinak erradiazio elektromagnetiko mota bat dira, espektro elektromagnetikoan argi infragorria baino uhin-luzera handiagoa duenak. Irrati-uhinen maiztasuna 30 hertzio (Hz) eta 300 gigahertzio (GHz) bitartean egoten da[1]. 300 gigahertziotan uhin-luzera 1 milimetrokoa (mm) eta 30 hertziotan 10.000 kilometrokoa (km) da. Euriak eragindako uhin-indargabetzeak gutxiago eragiten dio uhin horiei. Ahotsa garraiatzeko erabiltzen dira batez ere.

Uhin elektromagnetiko guztien antzera, lurraren atmosferan argiaren abiaduratik hurbil garraiatzen du eta argiaren abiaduran hutsean. Irrati-uhinak azeleratutako partikula kargatuek sortzen dituzte; esaterako, korronte elektriko aldakorrek.[2]

Naturan irrati-uhinak argiak eta objektu astronomikoek emititzen dituzte. Artifizialki, aldiz, transmisoreen bidez sortu eta irrati-hargailuekin jasotzen dira antenak erabiliz. Egungo teknologian hainbat lekutan erabiltzen da: irrati komunikazio mugikorra, irrati-difusio, radar, irrati-nabigazio sistema, satelite bidezko komunikazio, haririk gabeko sare eta abar. Maiztasun ezberdineko irrati-uhinek lurraren atmosferan hedapen ezaugarri ezberdinak dituzte: i) uhin luzedunek objektuetan difraktatu dezakete lurraren gainazala jarraituz; ii) uhin laburragodunek ionosferan islatu eta lurraren gainazalera buelta daitezke, eta, azkenik, iii) uhin oso laburdunak hedatzeko gaitasun eskasak dituzte (distantzia laburreko lerrozuzeneko hedapenera mugatzen dira).

Irrati-uhinak ezin dira libreki zabaldu eta Euskal Autonomia Erkidego mailan, Azaroaren 11ko 240/1986 Dekretuak erregulatzen du, Maiztasun Modulatutako Uhin Metrikoetako Irrati-hedapeneko emisorentzako baimena emateko prozedura adierazten duena, hain zuzen ere.[3]

  1. (Ingelesez) A. Altgelt, Carlos. (1968). The Worl's Largest "Radio" Station. , 9 or..
  2. (Ingelesez) W. Ellingson, Steven. (2016). Radio Systems Engineering. Cambridge University Press, 608 or. ISBN 9789261191214..
  3. Euskal Herriko A.ren A. Kultura eta Turismo saila.

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search