Jantzi

Jantziak historian; goitik behera, egiptoarrak, antzinako grekoak, erromatarrak, bizantziarrak, frankoak eta europarrak XIII. mendetik XV. mendera.
Emakume bat kanga jantziaz, Afrikako Aintzira Handien eskualde osoan erabilia.

Jantziak (edo janzkiak, arropak edo soinekoak) dira gizakiek gorputza babesteko, estaltzeko edo apaintzeko erabiltzen duten edozein gauza. Gehienetan, ehunez eginak izaten dira (kotoia, artilea, lihoa eta gisakoak), baina, historian zehar, animalia larruz edo ingurumenean aurkitzen diren beste material eta produktu naturalez eginak izan dira. Gizakiek soilik erabiltzen dituzte jantziak, eta gizarte ororen ezaugarria dela esan daiteke. Erabiltzen diren jantzien kopurua eta mota zenbait faktoreren mende egoten da: kontsiderazio geografiko eta klimatikoak, sexua, gorputz mota, faktore sozialak eta abar. Jantziek, oro har, gorputza estaltzen dute, oinetakoek oinak, eskularruek eskuak, kapelek edo ginbailek burua, eta azpiko arropek gorputz atal intimoak.

Jantziak helburu ugari izan ditzake: babesa izan daiteke, naturako elementu, gainazal latz, harri zorrotz, landare sumingarri edo intsektuen ziztaden aurka, larruazalaren eta ingurumenaren arteko hesia sortzen baitu. Jantziak hotzetik edo berotik isolatu dezake, eta higiene hesi bat eskain dezake, material infekziosoak eta toxikoak gorputzetik urrun egon daitezen. Oinak babesten ditu, lesiorik edo ibiltzeko eragozpenik sor ez dadin, eta zenbait girotan ibilera erraztu dezake, adibidez harea, izotz edo elur gainean. Jantziak erradiazio ultramorearen aurkako babesa ere ematen du. Begien itsutzea saihesteko edo ikusmen zolitasuna areagotzeko erabil daiteke, ingurune gogorretan, kapela hegaldunek egiten duten gisan. Berariazko lan eta zereginetan, kiroletan eta gerran jaso daitezkeen lesioetatik babesteko erabiltzen dira jantziak. Sakelekin, gerrikoekin edo begiztekin hornituta, jantzia bitarteko bat izan daiteke eskuak libre diren bitartean gauzak soinean garraiatzeko.

Janzkiak faktore sozial garrantzitsuak ditu. Arropa jakin batzuk janztea arau sozial aldakor baten adierazle izan daiteke; adibidez, apaltasuna adieraz dezake. Biluzik edo larrugorrian egotea besteren aurrean deseroso edo, desegoki izan daiteke. Munduko leku askotan, sexu organoak, ugatzak edo ipurmasailak bistan izatea, estaltzeko jantzirik gabe, exhibizionismotzat hartua izan daiteke. Pubisaren eremua edo genitalak estaltzea gutxienekotzat jotzen da nonahi, kulturaz haraindi eta klima edozein dela ere, konbentzio sozial bat ohitura bilakatu dena. Jantziak izan daitezke, baita ere, estatus soziala, aberastasuna, talde nortasuna edo indibidualismoa agerrarazteko tresna edo ikur.

Norbera babesteko ekipamendu mota batzuk jantzitzat har daitezke, adibidez, lohihartzekoak edo sendagileen mantal zuria. Babes ekipoen forma espezializatuenak, hala nola aurpegi babesgailuak, babesgailu gisa sailkatzen dira. Muturrera eramanda, urpekaritza jantzi autonomoak edo espazio jantziak gorputzaren formako estalgarriak dira, janzkera baten parekoak, berez arropa izan gabe; izan ere, jantzi bat baino gehiago, gailu teknologikotzat har daitezke. Ildo horri jarraituz, teknologia janzgarria dago, laguntza gailuak jantzian bertan txertaturik daudenean.

Batzuetan, jantziak garraio sistema pertsonal batekin hibridatzen dira (izotz patinak, patin gurpildunak, galtza sakeladunak, aire zabalean bizirik irauteko kutxak, gizaki-orkestra) edo ezkutatze sistema batekin (ilusionistak, espioitzarako sakela ezkutuak, merkatu beltzean saltzen aritzeko gabardinak, non jantziaren helburua maiz mozorro izatea baita).

Jantzi hitza aldi berean aditza edo izena izan daiteke. Aditz funtzioa betetzen duenean, «gorputza arropaz estali» adiera orokorraz gain,[1] «zerbait den eran jantzi» izan daiteke; adibidez, «jendea baserritar jantzita zebilen».[2]

  1. Euskaltzaindia. «EH > jantzi (1)» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-14).
  2. Euskaltzaindia. «EH > jantzi (3)» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-14).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search