Kafe

Kafe
stimulant foodstuff (en) Itzuli, coffee drink (en) Itzuli, edari ez alkoholiko eta nootropic (en) Itzuli
Materialakcoffee bean (en) Itzuli
ur beroa
Historia
JatorriaEtiopia eta Yemen
Honen produktuaCultured coffee (en) Itzuli, Coffea arabica, Coffea robusta, kapeng barako (en) Itzuli, Coffea charrieriana eta Coffea stenophylla

Kafea[1][2], batzuetan akeita, kafe-landarearen (kafeondoa) fruitu eta haziez eginiko infusioaren ondorioz lortutako edaria da. Edari horrek kafeina[3] izeneko sustantzia eragingarriagatik (kafeina substantzia psikoaktiboa da) oso estimulagarria da[4].​ Munduan gehien saltzen den produktuetako bat da, gizakiak gehien kontsumitzen dituen hiru edarien artean egoteaz gain (urarekin eta tearekin batera)[3].

Gosaritan edo gosaldu ondoren hartzen da, eta pertsona askok gosari bakartzat dute, nahiz eta batzuetan eta eguneko edozein ordutan ere hartzen den, hala nola askarian, bazkalostean edo afalostean; eta ezin hobea da elkarrizketan hasteko, eta, herrialde askotan, ohituraz edo usadioz, familiarteko bileretan eta hiletetan banatzen da; arrazoi horiek eta beste batzuek gizarteratzeko gehien erabiltzen den alkoholik gabeko edarietako bat izatea eragiten du. Kafearekiko gustua ez da beti izan bat-batekoa munduko kulturetan eta belaunaldi berrietan, aitzitik, landu egin behar da ia beti, zapore bizi eta mikatza baitu.

Kafeina kafearen osagai estimulatzaile nagusia da, Funtzio kognitibo batzuk hobetzeaz arduratzen da, hala nola garun-prozesuak bizkortzeaz eta oroimena hobetzeaz, eta, horrez gain, esna-egoera eta kontzentratzeko gaitasuna estimulatzen ditu.

Hartzeko modurik ezagunenak beltza (hutsa) eta esnearekin (azukrearekin edo gabe) dira. Eztia, krema edo esne-gaina, esne kondentsatua, txokolatea edo likoreren bat ere erantsi ohi zaio. Euskal Herrian, garai batean, ohikoa zen koñak (ttotta) edo anis pixka batekin hartzea. Errezetaren arabera, prestatzeko modu bat baino gehiago dago, hala nola kafe eskoziarra (izozkiarekin) edo kafe irlandarra (esne-gainarekin). Normalean, bero zerbitzatzen da, baina hotza edo izotzarekin ere hartzen da. Argentinan, Uruguain, Espainian, Portugalen eta Paraguain ohikoa da kafe txigortu edo torrefaktua kontsumitzea, hau da, gutxi findutako azukrearekin txigortua[5].

Kafeondoa Kaffa probintziakoa da jatorriz, Abisiniako lur garaietan, egungo Etiopia, non modu basatian hazten den[3].​ Kafearen energia-ezaugarriak ezagunak zituen Etiopiako Galla tribuak XI. mendean, animalia gantzarekin nahasten zutenak[6]. Ondoren, Arabiara eraman zuten, eta, handik, mundu osora hedatu zen turkiarren Anatoliaren menderakuntzarekin.

Gaur egun, batez ere herrialde tropikal eta subtropikaletan landatzen da, hala nola Brasilen, Vietnamen eta Kolonbian (kafe-ekoizle nagusiak). Brasilek munduko ekoizpenaren herena baino zertxobait gehiago biltzen du. Kafe-alea da nazioarteko merkatuetan merkaturatzen diren nekazaritza-jatorriko produktu nagusietako bat, eta, sarritan, ekarpen handia egiten diete eskualde ekoizleetako esportazioei.

Kafe-laborantza, kulturari dagokionez, mende batez baino gehiagoz kafea ekoitzi duten herrialde askoren historiari eta aurrerapenari lotuta dago. 2012-2013 aldian, 87 milioi tona kafe ekoitzi ziren, horietatik % 80 inguru esportatu zen 19.100 milioi dolarreko balioarekin; kafearen merkataritzari lotutako industria osoaren balio gordina, berriz, 173.400 milioi dolarrekoa dela kalkulatzen da[7]. Gaur egun, laurogei bat herrialdetan, 25 milioi familia-finkak baino gehiagok 15.000 milioi kafeondo inguru landatzen dituzte, 2.250 milioi kafe-kikara ekoizten dira, eta kontsumitzen dira egunero[erreferentzia behar].

Kafearen laborantza Amerikako eskualde askotan zabaldua dago, bereziki Brasilen, non mundu osoko landaketen herena dagoen. 1998 eta 2000 artean, ia 7 milioi tona kafe bildu ziren.

Kafea eta bestelako elikagaiak kontsumitzeko erabiltzen den establezimenduari ere kafe edo kafetegi esaten zaio.

  1. Euskaltzaindiaren hiztegia, kafe, Euskaltzaindia
  2. Euskalterm:[Hipermerkatuetako Produktuak Hiztegia] [2009]
  3. a b c (Ingelesez) Myhrvold, Nathan. (5 de marzo de 2020). Coffee. Beverage. Encyclopædia Britannica, Inc..
  4. Fisone, G.; Borgkvist, A.; Usiello, A.. (2004). «Caffeine as a psychomotor stimulant: mechanism of action» Cellular and Molecular Life Sciences 617-8: 857-72.  doi:10.1007/s00018-003-3269-3. ISSN 1420-682X. PMID 15095008..
  5. Artusi, Nicolás. (2019). «1. Comprar» Manual del café. Guía definitiva para comprar, preparar y tomar. Buenos Aires, 74 or. ISBN 978-950-49-6454-4..
  6. (Ingelesez) History of coffee. British Coffee Association.
  7. (Ingelesez) World coffee trade (1963 – 2013): A review of the markets, challenges and opportunities facing the sectors. Organización Internacional del Café.

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search