Kaligrafia

Kaligrafia txinatarra

Kaligrafia (antzinako grezierazko κάλλος kallos, «eder» + γραφή graphẽ, «idazkera») modu egokian idazteko artea da, orokorrean eskuzko tresna batekin, hala nola luma estilografiko bat, zurdaki bat edo arkatz bat.[1]

Idazketa ezagutzen duten ia zibilizazio guztiek kaligrafiaren artea garatu dute, gutxiago edo gehiago. Nolanahi den ere, batzuek estatutu berezi batera eraman izan dute, testuinguru historiko edo filosofiko partikularren arabera. Horren ondorioz, zalantzan jar daiteke «kaligrafia» hitza erabiltzea, kultura ez-grekoerromatarrei buruz ari garenean.

Izan ere, «eder» kontzeptua ez da ageri Mendebaldean «kaligrafia» itzultzen den japonierazko hitzean: japonierazko 書道 (shodo) hitzak «idazketaren bidea» esan nahi du, «bide» kontzeptu hori ikusmolde budista edo taoista batez ulertuta, ez modu estetiko huts batean. Maisu handien edo monje budisten idazkien kasuan, kaligrafiaz hitz egitea kontraesan bat izan daiteke, egintza horrek edertasunaren eta itsusitasunaren dualtasuna gainditzen baitu haientzat (bide kontzeptua).[2]

Ekialdean antzinatik txit aintzat harturiko antzea izan da. Txinan eta Txinaren eragina duten idazketa sistemetan, kaligrafia pinturaren eta eskulturaren parekotzat hartu izan da. Gainera, kaligrafiaren arteak Asian izan duen tokia eta Mendebaldearekiko oso desberdina da; izan ere, artearen ikaskuntza Asiako margolarien formazio klasikoaren oinarria zen, letra eta marrazkia ez baitzuten bereizten. Ekialdeko zenbait zibilizaziotan, kaligrafia ezkutuko zientzien parte da, liturgia moduko bat (pentsamendua, pintzela, marra eta ideia filosofikoa bereizezinak dira).

Herrialde musulmanetan, Koran liburu sakratua kopiatu beharrak itzal handia eman zion kaligrafiari eta bide horretatik arte mailara iritsi zen.

Mendebalean, greziarren artean idazketa silabikoa K.a. VIII. mende inguruan agertu zen. Bizantzion erabili zen lehen aldiz letra xehea. Erdi Aroan eta lehen Pizkundean, monasterioetako kopiatzaileen lanari esker garatu zen batez ere kaligrafia. XVI. mendeaz gero, inprentaren hedapenak kopiatzaileen lana murriztu zuen eta kaligrafia gehiegizko apaingarriz hornitu zen ondoko 300 urteetan. XIX. mendearen amaierarekin kaligrafiaren tradiziozko formen pizkundea etorri zen ostera.

Pedagogiaren alorrean, garai guztietan kaligrafiak garrantzi handia izan bazuen ere, haren irakaskuntza galduz joan zen, ikasleen artean boligrafoa sartu zen heinean. XVI. mendean Joanes Itziar bizkaitar kaligrafoa nabarmendu zen antze honetan Espainian eta Europan.

  1. Mediavilla, Claude. (1996). Calligraphy : from calligraphy to abstract painting. ISBN 90-803325-1-8. PMC 36585304. (Noiz kontsultatua: 2022-02-10).
  2. (Frantsesez) Monnet, Nathalie. «Taoïsme et calligraphie» BnF Essentiels (Noiz kontsultatua: 2023-08-28).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search