Politika |
---|
Kolonialismoa lurralde edo nazio bateko politika eta ekonomia atzerriko gobernu batek kudeatzea zilegitzen duen doktrinari deritzo. Antzinaroan zehar, kultura askok kolonialismoa garatu zuten urrutiko lurraldeetan koloniak[1] eratuz, baina horrek izaera ezberdina zuen[2]. Kolonialismoaren definizio argirik ez dago; definizioak aldatu egin daitezke erabileraren eta testuinguruaren arabera[3][4][5][6].
Kolonialismoa antzinatik existitzen den arren, kontzeptua XV. mendetik aurrera hasi zen Europako aldi kolonialarekin lotzen da batik bat, Europako estatu batzuek inperio kolonizatzaileak ezarri zituztenean. Hasieran, Europako herrialde kolonizatzaileek merkantilismo politikei jarraitu zieten, etxeko ekonomia indartzeko asmoz, eta, beraz, akordioek metropoliarekin (ama-herrialdea) bakarrik negoziatzera mugatzen zuten kolonia. XIX. mendearen erdialderako, Britainiar Inperioak uko egin zien merkantilismoari eta merkataritza-murrizketei, eta merkataritza askearen printzipioa onartu zuen, murrizketa edo muga-zerga gutxirekin.
Misiolari kristauak Europaren kontrolpean zeuden ia kolonia guztietan aritzen ziren, metropoliak kristauak zirelako. Philip Hoffman historialariak kalkulatu zuen 1800. urterako, Industria Iraultzaren aurretik, europarrek gutxienez munduaren % 35 kontrolatzen zutela, eta, 1914. urterako, munduaren % 84ren kontrola lortu zutela[7]. Bigarren Mundu Gerraren ondorioz, potentzia kolonialek atzera egin zuten 1945 eta 1975 artean, eta, denbora horretan, ia kolonia guztiek independentzia lortu zuten, harreman kolonialek, hala, postkolonial eta neokolonial bihurtuz.
Postkolonialismoak eta neokolonialismoak kolonialismoaren harreman eta ideologiak mantendu edo aldatu dituzte, bere jarraipena garapen eta muga berriak izeneko kontzeptuekin justifikatuz, adibidez, kolonizaziorako kanpoko espazioa esploratzean.
© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search