Kondor operazioa

Kondor operazioan parte hartu zuten herriek. Partaide aktiboak, berde ilunez: Argentina, Bolivia, Brasil, Txile, Paraguai, Uruguai. Noiz-behinkako partaideak, berde argiaz: Kolonbia, Peru, Venezuela. Laguntza eta finantzazioa, urdinez: Ameriketako Estatu Batuak

Kondor operazioa (gaztelaniaz: Operación Cóndor; portugesez: Operação Condor) Hego Amerikan egindako errepresio politikoko eta estatu terrorismoko kanpaina bat izan zen. Hilketak eta inteligentzia operazioak barneratzen zituen, ofizialki 1975ean hasi zen ezartzen, diktadore eskuindarren bidez. Programaren xedea zen Hego Amerikan errotzen zebilen pentsaera eta filosofia sozialista eta komunista erauztea, haien aurkako oposizio potentziala edota ideien gainean kontrol aktiboa ezarriz. Kondor operazioa egiteko elkarrekin aritu ziren Hego Amerikako hainbat gobernu, Txile, Argentina, Brasil, Paraguai, Uruguai eta Bolivia, batez ere. Kasu batzuetan Peru, Kolonbia eta Venezuelak ere lagundu zuten. Ameriketako Estatu Batuen laguntzarekin aritu ziren, 1970 eta 1980ko hamarkaden artean.[1]

Kanpaina honen klandestinitatea zela eta, zuzenean eragindako hildakoen zenbatzea ezinezkoa da. Koordinazioaren helburua ofizialki zen herrialde horretako erregimenek "ezarritako ordenarekiko pertsona subertsiboak, edo Ameriketako Estatu Batuetako gobernuaren eta, beraz, eskualdeko diktadura militarren politikekiko pentsamendu politiko kontrajarria edo ideologikoki aurkakoa" zuten pertsonak "jarraitzea, zelatatzea, atxilotzea, torturatzea, herrialdez aldatzea eta desagertzea edo erailtzea". Gehien bat ezker politikoaren parte ziren eta, beraz, diktadura militar horien opositore ziren hamarnaka mila pertsona desagerrarazi zituzten, nazioarteko sare bat eratuz prozesua egin ahal izateko. Paraguain 1992an aurkitutako Terrorearen agiritegiek aipatzen dute 50.000 lagun erail zituztela, 30.000 desagerrarazi, eta 400.000 kartzelatu.[2]

  1. (Gaztelaniaz) http://www.lr21.com.uy/politica/385488-plan-condor-formaba-parte-de-la-politica-estatal?utm_source=redirects&utm_medium=www.larepublica.com.uy&utm_campaign=301_Redirects
  2. (Gaztelaniaz) Los Archivos del Horror del Operativo Cóndor.. (Noiz kontsultatua: 2017-08-25).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search