Kontrarreforma

Trentoko Kontzilioak Vulgata, Jeronimo Estridongoak egindako latinezko itzulpena, Bibliaren testu ofizialtzat hartu zuen.

Kontrarreforma edo Erreforma Katolikoa XVI. mendearen erdialdean Erromatar Eliza Katolikoak garatutako barne erreforma mugimendua izan zen, Erreforma Protestanteari aurre egiteko nahian. Doktrina, barne-egitura, ordena erlijiosoak eta mugimendu espiritualak izan ziren burututako aldakuntzen jomuga.

Johann Stephan Pütterrek 1776an sortu zuen Kontrarreforma (alemanez: Gegenreformation) terminoa[1], eta hitza eremu ez-katolikoetan hedatu zen, Eliza Katolikoaren barneko aldaketa horiek protestantismoen sorrerak eragin zituela eta horien helburu nagusia hedapen protestantea geldiaraztea zela azpimarratzeko.

Lutero Alemanian Erreforma Protestantea egiten ari zen garai berean, beste leku batzuetan, batez ere Italian eta Espainian, Eliza berritzeko saioak ari ziren egiten, erregeak, elizgizonak, laikoak nahiz erlijiosoak. Gauza guztiz argia zen Elizak aldaketa baten beharra zuela, baina katolikoek Elizaren beraren baitatik egin nahi zuten erreforma, hutsegiteak salatuz baina ortodoxia errespetatuz. Hori da Luteroren zismaren garai berean egin ziren ahalegin horien eta proposamen protestantearen arteko alde nagusia. Nolanahi ere, ahalegin horiek gorabehera, Trentoko Kontziliorako (15451563) deialdia arte itxoin behar izan zen Elizaren buruzagiek eliztarren artean zegoen desira berritzaile hori bere egin zuten arte.

  1. Jesus MOYA: El alma de Garibay. Perfil psicológico, a través desu Autobiografía. (Una mentalidad de la Contrarreforma) Euskomedia.org

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search