Korrelazio

Estatistikan, korrelazioa bi aldagai koantitatiboen arteko erlazioaren norabideaz eta sendotasunaz aritzen da. Azpimarratu behar da korrelazio estatistikoa ez dela erlazio zehatz eta finkoa, joerazkoa eta aldakorra baizik. Bi aldagai baino gehiagoren baterako korrelazioa ere azter daiteke (ikus Korrelazio anitza).

Lehenengo sakabanatze-diagramak korrelazio ahula edo koerlaziorik eza erakusten du. Bigarrenak korrelazio lerromakurra erakusten du. Hirugarrenak eta laugarrenak korrelazio lineala erakusten dute, sendoa bi kasuetan, baina hirugarrenean korrelazioa positiboa eta laugarrenean negatiboa.

Korrelazioaren norabideari buruz, aldagai batek gora egitean, besteak ere eskuarki gora egiten duenean, korrelazioa positiboa edo zuzena dela esaten da. Aitzitik, aldagai batek gora egitean, besteak behera egiten badu berriz, korrelazioa negatiboa edo alderantzizkoa da.

Korrelazioaren sendotasunari buruz, korrelazioa sendoa izan daiteke, aldagaiak lotzen dituen joera nahiko zehatza denean, edo ahula, aldagaien arteko joera lausoa eta oso gutxi gorabeherakoa denean. Bi aldagaien arteko korrelazio erabatekoa ere izan daiteke, bi aldagaiak erlazio edo funtzio zehatz baten arabera guztiz lotuta daudenean.

Korrelazioa lineala ere izan daiteke, bi aldagaiak lotzen dituen erlazioa zuzen baten araberakoa denean, edo lerromakurra, zuzen baten araberakoa ez denean.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search