Lasa eta Zabalaren hilketa

Lasa eta Zabala izenburuak artikulu honetara dakar; Pablo Malok zuzenduriko izen horretako filmari buruzkoa hau da: Lasa eta Zabala (filma)
Egilea: Maitane Azurmendi, 2023

Lasa eta Zabalaren hilketa Euskal Herrian 1983 urtean ETAren aurka izandako gerra zikineko hilketa izan zen: Espainiako Gobernuko kargu politiko eta Guardia Zibileko agintari eta kide zenbaitek Joxean Lasa eta Joxi Zabala Ipar Euskal Herrian errefuxiatutako etakide gazteak bahitu, Guardia Zibilaren Donostiako La Cumbre jauregiko instalazioetan bortizki torturatu eta, azkenik, Alacantera eraman eta bertako landan hil zituzten. Bahiketa eta ondorengo hilketa estatuko aparatuek antolatutako GAL erakundearen lehen ekintza izan ziren.

Hil ondoren, haien gorpuak lurperatu zituzten. 1984 urtearen hasieran, ezezagun batek hilketa GALen izenean erreibindikatu eta gorpuak Busot herrian lurperaturik zeudela adierazi zuen; baina Lasak eta Zabalak desagerturik segitu zuten, harik eta 1985 urtean Busot herrian halabeharrez aurkitutako gorpuzkiak 1995 urtean aztertu eta Lasa eta Zabalarenak zirela frogatu zen. Lekuko baten testigantzak 1983 urtean Donostian ziharduten Enrique Rodríguez Galindo Guardia Zibilaren komandantea eta beste zenbait guardia zibil hilketan inplikatu zituen. Ondorengo epaiketak Galindo –ordurako Guardia Zibileko jenerala–, Ángel Vaquero teniente koronela, Julen Elgorriaga Gipuzkoako gobernadore zibil ohia eta Enrique Dorado eta Felipe Bayo guardia zibil ohiak erruduntzat jo eta kartzela zigorra jarri zien 2000 urtean. Espetxe zigorrak 70 urtetik gorakoak izan ziren arren, erantzule guztiak 2004an aske ziren.[1]

  1. Berria. «GAL 30 urte - Berria.eus» berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-10-15).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search