Lingua franca


Artikulu hau hizkuntzalaritzaren terminoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Lingua franca (argipena)».

Lingua franca hizkuntza edo dialekto desberdinetakoak izanik, harreman estuak dituztenek elkar ulertzearren hautatzen duten hizkuntza edo aldaera dialektala da[1]. Hau da, ama hizkuntza bana duten bi hiztunek beste hirugarren bat hautatzen dute elkar ulertzeko[2]. Batzuetan, pidgina eta kreolerak lingua franca terminoaren sinonimotzat erabiltzen dira.

Mundu osoko lingua franca nagusia ingelesa da egun, politika eta ekonomia harremanetan; oraintsu arte, frantsesa izan zen nagusi diplomazia hizkuntza gisa. Era berean, Afrikako ekialde osoko herriek swahilia elkarren arteko harremanetarako duten. da; Ozeano Bareko hegoaldeko uharteetan, pidgin melanesiarra; eta Malaysiako uharteetan, bazaar malaiera. Gurutzaden garaian hasi zen lingua franca moldatzen: sabir izena zuen hasieran eta mediterranear itsasgizonek erabiltzen zuten. Hizkuntza hori, hein handi batean, % 80 inguru italiera bazen ere, turkiera, frantses, gaztelania, greziera eta arabierazko hitzak ere bazituen.

Europarren kolonizazio garaian, bestalde, halako hizkuntza komunak sortu ziren hainbat lurraldetan, kolonizatzaileen eta kolonizatuen hizkuntzen artean: indo-portugesa (Sri Lankan), annam-frantsesa (Indotxina), papiamentoa (gaztelaniazko moldea, Curaçaon) eta pidgin-ingeles moldeak. Hasierako lingua franca komunitate bateko hizkuntza nagusi bihurtzen denean, kreolera osatzen da (Antilla frantsesetan, esaterako). Brasilen lingua geral izena ematen zaio indiar herriekin eta indiar herrien arteko harremanetan erabiltzen zen hizkuntzari. tupi-namban oinarritua zen. Lingua franca antzeko mintzaira moldeak sortu ziren XVI. mendean arrantzale euskaldunen eta Labradorreko herri indiarren artean, eta XVII. mendean arrantzale euskaldunen eta Ipar Europako arrantzaleen artean.

  1. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa. Lingua franca. .
  2. Txirikba, Viatxeslav A.. (2008). The problem of the Caucasian Sprachbund. in: From Linguistic Areas to Areal Linguistics., 31 or. ISBN 90-272-3100-1..

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search