Lurrun-makina

Lurrun makinaren funtzionamendua. Ezkerreko gezi gorriak lurrun beroaren sarrera adierazten du eta eskuineko gezi urdinak zirkuitua igaro duen lurrunaren irteera.

Lurrun-makina, energia mekanikoa lortzeko galdaren bidez berotutako uraren energia termikoa eraldatzen duen kanpo-errekuntzako motorra da. Ur lurrunaren erabilera duela 2.000 urte baino lehenago asmatu zen, nahiz eta azken 300 urtetan izan duen garapen nagusia energia eta mugimendua lortzeko. Hasieran, meatzetan ura ateratzeko sistematan[1] erabiltzen bazen ere, makina ugari sortzea ahalbidetu zuen aurrera-atzerako mugimendu zuzen-zirkularra bihurtzeko sistemak asmatu zirenean. Euskal Herrian ere, makina hauen adibideak aurki daitezke, hala nola Gasteizko Lascaray enpresan XX. mendearen erdialdera arte erabilitakoa[2] edo Makina Erremintaren Museoan aurki daitekeena[3].

Sistema hidraulikoen aldean, lurrun-makina edozein lekutan erabili daiteke, ez baitu ura mugimenduan egoterik eskatzen. Lurrun makina martxan jartzeko, ura eta ikatza edo zura nahikoak dira. Hori dela eta, funtsezkoa izan zen trenaren garapenerako.

Funtsean, makinaren lan-zikloa bi fasetan banatzen da:

  1. Hermetikoki itxita dagoen galdara batean, ura irakiten da, eta lurruna sortzen da. Modu honetan, zilindro baten barruan dagoen bolumenean, espantsioa eragiten da, pistoi bat bultzatuz. Mugimendu hori lineala eta alternatiboa da, baina, biela-biradera mekanismo baten bitartez, errotazio mugimendua lortzen da. Ibilbide-bukaerara heltzen denean, inertzia-bolante baten energia zinetikoa erabiliz, enboloa hasierako posiziora itzultzen da, eta ur-lurruna kanporatzen du.
  2. Presiopeko lurruna sarrera eta irteera balbula batzuen bidez kontrolatzen da. Balbulek lurrun-emariaren berritze-prozesua erregulatzen dute; hau da, zilindrora sartzen eta irteten den lurrun kopurua kontrolatzen dute.

Gaur egun elektrizitatea sortzeko erabiltzen diren lurrunezko makina modernoak ez dira deskribatutakoaren modukoak. Pistoiak eragindako desplazamendu positiboa erabiltzen duten makinak beharrean, turbomakinak erabiltzen dira. Lurrun-turbina ere esaten zaie, etengabeko lurrun-fluxu batek turbina bat zeharkatzen baitu, honen ardatza biratuaraziz. Esate baterako, zentral elektrikoetan erabiltzen dira munduko elektrizitatearen % 80 sortzeko. Energia nuklearrean, eguzki-energian zein erregai fosiletan oinarritutako zentral termikoetan aurki daitezke.

  1. (Gaztelaniaz) «La máquina de vapor (1)» Cuaderno de Cultura Científica 2017-05-16 (Noiz kontsultatua: 2021-03-02).
  2. (Gaztelaniaz) Joaquin. (2020-06-19). «Lurrun-makina eta Ruston galdara, Proctor & Co. Ltd. Ia 200 urte topera» AVPIOP (Noiz kontsultatua: 2021-03-06).
  3. «Lurrun mákina. EMSIME» apps.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-06).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search