Meiosi

Meiosia. Kromosomen egoera fase bakoitzean.

Meiosia zelula zatiketa mota bat da, zeinen bitartez zelula diploide (2n) batetik zelula haploideak (n) sortzen diren. Prozesu hau gonadetan eramaten da aurrera ugalketa sexual bitartez ugaltzen diren organismoetan, gametoak sortzeko.[1]

Meiosia ondoz ondoko bi zatiketa nuklear eta zitoplasmatikoz dago osatuta: lehen zatiketa meiotikoa (I. Meiosia) eta bigarren zatiketa meiotikoa (II. Meiosia). Nahiz eta prozesu honetan bi zelula zatiketa gertatu, kromosomak behin besterik ez dira bikoizten (lehenengo zatiketaren aurretik, mitosian gertatzen den bezala). Horrek azaltzen du kromosomen kopurua, guztira, erdira jaistea. Bi zatiketa meiotiko hauetako bakoitzak profase, metafase, anafase eta telofase deituriko urratsak hartzen ditu barne. Bi zatiketa gertatzen direnez, meiosiaren bitartez zelula ama bakar batetik lau zelula alaba lortzen dira.

Lehenengo zatiketa meiotikoaren (I. Meiosia) bitartez zelula diploide (2n) batetik bi zelula haploide (n) lortzen dira. Horretarako, kromosoma homologoak bata bestea ezagutu eta fisikoki lotu egiten dira, bibalente deituriko egitura bat sortuz. Elkartze hau lehenengo profasean gertatzen da eta horri esker elkargurutzaketa edo crossing-over deituriko prozesua eramaten da aurrera. Prozesu honetan kromosoma homologoak informazio genetikoa elkarraldatzen dute, non amaren kromatida baten zati bat aitaren kromatida homologo baten zati batekin trukatu daitekeen. Horrek ematen dio sortuko diren gametoei aldagarritasun genetikoa. Jarraian gertatzen den metafasean bibalente guztiak lerrokatu egiten dira zelularen plano ekuatorialean, ardatz akromatikoan . Gerora, anafasean, kromosoma homologo bikotea banatu egiten da, bakoitza ardatzaren polo batera migratzen duelarik. Prozesu honetan, kromosoma homologo bakoitzak informazio genetiko bikoiztua darama, bi kromatida ahizpaz osotua daude. Hortaz, gametoak sortzeko bigarren zelula zatiketa bat gertatu behar da: bigarren zatiketa meiotikoa (II. Meiosia). Zatiketa honetan kromosoma homologo bakoitzaren kromatida ahizpak banatu egiten dira. [2]

  1. (Ingelesez) Ohkura, Hiroyuki. (2015-05). «Meiosis: An Overview of Key Differences from Mitosis» Cold Spring Harbor Perspectives in Biology 7 (5): a015859.  doi:10.1101/cshperspect.a015859. ISSN 1943-0264. PMID 25605710. PMC PMC4448623. (Noiz kontsultatua: 2022-03-13).
  2. Alberts, Bruce. (2002). Molecular biology of the cell. (4th ed. argitaraldia) Garland Science ISBN 0-8153-3218-1. PMC 48122761. (Noiz kontsultatua: 2022-03-13).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search