Metabolismo

Adenosina trifosfatoaren egitura, koentzima tartekari nagusia metabolismo energetikoan.

Metabolismoa zelulan gertatzen diren erreakzio eta prozesu fisiko-kimikoen multzoa da. Elkarren artean erlazionatuta dauden prozesu hauek biziaren oinarri dira maila molekularrean, eta zelulen hainbat ekintza ahalbideratzen dituzte, hala nola zelularen hazkuntza, ugalketa, egituren mantenua, kitzikapenei erantzuna, eta abar.

Metabolismoak bi prozesu elkartzen ditu: katabolismoa eta anabolismoa. [1] [2] Erreakzio katabolikoek energia askatzen dute, glukolisia; glukosa, adibidez, konposatuen degradazio prozesu bat da, eta honen emaitza bere lotura kimikoetan metatutako energiaren askapena da. Erreakzio anabolikoek, aldiz, energia erabiltzen dute lotura kimikoak sortu eta zelulen osagaiak egiteko, proteinak eta azido nukleikoak, esate baterako. Katabolismoak eta anabolismoak elkarren menpekotasuna dute, eta, bien artean, metabolismoa osatzen dute.

Metabolismoko erreakzio kimikoak zehazki antolatuta daude zelularen baliabideak behar bezala erabili eta xahuketa saihesteko. Erreakzioek bide metabolikoak jarraitzen dituzte, eta, horietan konposatu kimiko bat (substratua) eraldatu egiten da beste bat emanez (produktua); azken hau beste erreakzio bateko substratua izango da, eta, honela, erreakzio sekuentzia bat gertatuko da, non entzima desberdinek parte hartuko duten (normalean, entzima bat erreakzio bakoitzeko). Entzimak ezinbestekoak dira metabolismoan, erreakzio fisiko kimikoak azkartzen baitituzte, berez gertatzeko zailak diren erreakzio termodinamikoak erraztuz. Entzimek bide metabolikoen erregulatzaile gisa ere jokatzen dute zelularen beharrizan eta inguruaren arabera edo beste zelulen seinaleen arabera beren funtzionatzeko gaitasuna aldatuz eta, ondorioz, bide metabolikoaren aktibitate guztia aldatuz.

Organismo baten metabolismoak erabakitzen du zein sustantzia izan daitezkeen beretzat elikagarriak eta zein, aldiz, toxikoak. Adibidez, zenbait prokariotok hidrogeno sulfuroa elikagai gisa erabil dezakete, baina gas hau pozoitsua da animalientzat. Metabolismoaren abiadurak organismo batek behar duen elikagai kopuruan ere eragina du.

Metabolismoaren ezaugarrietako bat honakoa da: espezie oso desberdinen artean oinarrizko bide metabolikoak oso antzekoak izatea. Adibidez, Krebsen zikloa izenez ezaguna den bide metabolikoaren pauso kimikoen sekuentzia unibertsala da, hala nola Escherichia coli bakterio zelulabakarrarentzat eta elefante organismo zelulanitzentzat. Ziur aski, zelula mota hain desberdinek bide metaboliko bera erabiltzea, bidearen efizientzia handiari eta eboluzioan izandako agerpen goiztiarrari zor zaie.

  1. «Metabolismoa. Katabolismo autotrofo eta heterotrofoa - hiru» www.hiru.eus (hiru.eus) (Noiz kontsultatua: 2022-09-15).
  2. Izadi jakintza. (2011-07-13). «Metabolismoa: anabolismoa eta katabolismoa» www.euskadi.eus (Eusko Jaurlaritza, euskadi.eus) (Noiz kontsultatua: 2022-09-15).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search