Mikhail Aleksandrovitx Bakunin[1] (Pryamukhino, Tver Governorate (gaurko Kuvshinovsky District) (Errusiako inperioa), 1814ko maiatzaren 30a – Berna (Suitza), 1876ko uztailaren 1a) errusiar anarkista iraultzaile ezaguna izan zen, Marx-en garaikidea. Anarkista filosofoen lehenengo belaunaldiko ospetsuena da eta anarkismoaren aitatzat jotzen da.
1830eko hamarkadan Hegelen jarraitzailea izan zen, eta, geroago, 1848ko Alemaniako iraultzan (Dresdengo altxamendua bezala ezagutua) parte hartu zuen. 1849an atxilotu eta Errusiara bidali zuten. Han bizitza osorako espetxe zigorra ezarri eta Siberiara bidali zuten. 1861ean bertatik ihes egin eta Londresa iritsi zen.
Londresen zegoela, Bakuninek Bakea eta Askatasunaren aldeko Ligan parte hartu zuen. Higikunde hartatik bereizi ziren bera eta bere jarraitzaileak (gutxiengoa osatzen zuten), eta Demokrazia Sozialista Nazioarteko Aliantza sortu zuten. 1869an Aliantza hark Langileen Internazionalarekin bat egin zuen.
Internazionalaren baitan, Bakuninek Karl Marxi aurre egiten zion joeraren buru jardun zuen; hots, joera anarkista edo libertarioaren erreferente bihurtu zen. Hala, Frantzia eta Suitzan barna lan politiko handia aurrera eraman zuen. 1872an, Internazionaletik kanporatu zuten.
Bi urte geroago, 1874an, Bolognan (Italia) altxamendu batean parte hartu zuen, nahiz eta higikundeak ez zuen luzaroan iraun. 1876an Bernara (Suitza) joan eta bertan hil zen urte hartako uztailaren 1ean.
© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search