Moral

Morala gizarte bateko pertsonek banakako eta gizarteko jokabideak baloratzeko iritzi eta arauen multzoa da. Zuzen eta oker, ongi eta gaizki dauden giza ekintzei buruzko jarrera da. Adibidez, "gezurra esatea ez da zuzena" edo "ongi dago apala izatea" bezalako iritziek osatzen dute gizarte bateko morala.

Morala eta etika bereiztu behar dira, biak loturik badaude ere. Teoriak eta praktikak elkarri osatzen dioten bezala, moralak eta etikak gauza berdina egiten dute, etika teorikoa baita eta morala berriz praktikoa. Moralak gizarte batean ongi eta gaizki dauden jokabideak zehazten ditu, baina irizpide horien zergaiti eta arrazoiei buruz hausnartu gabe. Etikak ordea morala, ongi eta gaizki dagoena, nola eta zergatik izan beharko litzatekeen aztertzen du (etika normatiboa eta meta-etika).

Gizakien ekintza guztiak ez dira moralak. Gizakien ekintzak moralaren ikuspuntutik ontzat edo txartzat hartzeko, hiru baldintza bete behar dituzte:

  • Autonomia: norbera zer egiten ari den argi jakin behar da. Adibidez eskizofrenia paranoidearen menpean zerbait egiten bada, ezin da epaitu etikaren ikuspuntutik.
  • Borondatea: ekintzaren ondorioak bilatuak izan behar dira; nahi gabe egiten bada ezin da epaitu ekintza moral ona ala txarra den.
  • Askatasuna: norberaren ekintzen arduradunak izateko, askatasunez, ez behartuta, izan behar dira eginak, ez beste batek behartuta, ez egoerak bultzatuta.

Beraz, gizakien ekintzak inkontzienteki, nahi barik edo behartuta egiten badira ezin dira epaitu moralaren ikuspuntutik.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search