Musika

The Harvest Song, Eanger Irving Couse.

Musika arte eta jarduera kultural mota bat da, denboran zehar antolatutako soinua bitarteko duena. Musikaren definizio orokorrek elementu komunak dituzte, hala nola tonua (melodia eta harmonia zuzentzen dituena), erritmoa (eta tempo, metrika eta artikulazioari lotutako kontzeptuak), dinamika (bolumena eta leuntasuna) eta tinbrearen eta testuraren soinu-ezaugarriak (batzuetan soinu musikal baten "kolorea" esaten zaie). Musika-estilo edo -mota desberdinek elementu horietako batzuk nabarmendu, leundu edo alde batera utz ditzakete. Musika instrumentu eta teknika sorta zabalarekin interpretatzen da, kantutik hasi eta rap estilora doazenak; badira pieza instrumentalak, bakar-bakarrik bokalak diren piezak (akonpainamendu instrumentalik gabeko kantuak, esaterako) eta kantua eta instrumentuak uztartzen dituzten piezak. Hitza grezieratik dator μογσικυ (mousike; "musen artea")[1].

Bere erarik orokorrenean, musika arte edo jarduera kultural gisa deskribatzen duten jarduerek barne hartzen dituzte musika lanen sorrera (abestiak, melodiak, sinfoniak), musikaren kritika, musikaren historiaren azterketa eta musikaren azterketa estetikoa. Antzinako greziar eta indiar filosofoek musika horizontalki melodia eta bertikalki harmonia bezala ordenatutako tonu bezala definitzen zuten. "Esferen harmonia" eta "nire belarrietarako musika da" moduko esaera arruntek musika sarri entzuteko ordenatua eta atsegina dela adierazten dute. Hala ere, John Cage XX. mendeko konpositoreak edozein soinu musika izan daitekeela pentsatu zuen, esanez, adibidez, "Ez dago zaratarik, soinua bakarrik"[2].

Musikaren sorkuntza, interpretazioa, esanahia eta definizioa ere aldatu egiten dira kulturaren eta testuinguru sozialaren arabera. Izan ere, historian zehar, musika molde edo estilo berri batzuk "hori ez da musika" esanez kritikatuak izan dira, besteak beste, Beethovenen Grosse Fuge soka laukotea 1825ean[3], jazz goiztiarra XX. mendearen hasieran[4] eta punk hardcorea 1980ko hamarkadan[5]. Musika mota asko daude, herri musika, musika tradizionala, musika artistikoa, elizkizun erlijiosoetarako idatzitako musika eta chanteyak bezalako lan abestiak barne. Musika hertsiki antolatutako konposizioetatik (XVIII. eta XIX. mendeetako musika klasikoaren sinfoniak, adibidez), berez jotako musika inprobisatura (jazza, adibidez) eta XX. eta XXI. mendeetako zorian oinarritutako musika garaikidearen estilo abangoardistetara doa.

Musika generotan bana daiteke (adibidez, country musika) eta generoak azpigeneroetan bana daitezke (adibidez, country bluesa eta pop countrya country azpigenero ugarietako bi dira), nahiz eta banaketa-lerroak eta musika-generoen arteko harremanak askotan sotilak izan, batzuetan interpretazio pertsonalera irekiak, eta batzuetan eztabaidagarriak. Adibidez, zaila izan daiteke 1980ko hamarkada hasierako hard rockaren eta heavy metalaren arteko lerroa trazatzea. Arteen barruan, musika arte eszeniko, arte eder edo entzumen-arte gisa sailka daiteke. Musika rock kontzertu batean edo orkestra aurkezpen batean zuzenean jo edo abestu eta entzun daiteke, obra dramatiko baten parte bezala zuzenean entzunda (antzerki musikaleko ikuskizun bat edo opera bat), edo irrati batean, MP3 erreproduzitzaile batean, CD erreproduzitzaile batean, telefono adimentsu batean edo film partitura edo telebista saio batean grabatu eta entzun daiteke.

Kultura askotan, musika pertsonen bizimoduaren zati garrantzitsu bat da, funtsezko papera betetzen baitu erritu erlijiosoetan, igarotzeko errituzko zeremonietan (adibidez, graduazioa eta ezkontza), gizarte-jardueretan (adibidez, dantza) eta hainbat kultura-jardueretan, izan karaokeko kantuen zaleen bilkura bat, funk-banda batean edo komunitateko abesbatza batean kantatzea. Jendeak hobby gisa musika egin dezake, gazte orkestra batean biolontxeloa jotzen duen nerabe batek bezala, edo musikari edo abeslari profesional gisa lan egin. Musikaren industriak honako hauek biltzen ditu: abesti eta musika-pieza berriak sortzen dituzten pertsonak (adibidez, konpositoreak eta abestigileak), musika interpretatzen duten pertsonak (orkestrako musikariak, abeslariak eta orkestra-zuzendariak, jazz-banda eta rock-banda barne), musika grabatzen duten pertsonak (musika-ekoizleak eta soinu-ingeniariak), kontzertu-birak antolatzen dituzten pertsonak eta bezeroei grabazioak edo partiturak saltzen dizkieten pertsonak.

  1. «Henry George Liddell, Robert Scott, A Greek-English Lexicon» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2020-01-19).
  2. (Ingelesez) Kozinn, Allan. (1992-08-13). «John Cage, 79, a Minimalist Enchanted With Sound, Dies» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2020-01-19).
  3. Kerman, Joseph, 1924-2014.. The Beethoven quartets. ISBN 978-0-393-00909-5. PMC 4494798. (Noiz kontsultatua: 2020-01-19).
  4. Rabaka, Reiland, 1972-. (2012). Hip hop's amnesia : from blues and the black women's club movement to rap and the hip hop movement. Lexington Books ISBN 978-0-7391-7491-3. PMC 960888291. (Noiz kontsultatua: 2020-01-19).
  5. Manabe, Noriko. (2016-01-01). The Revolution Will Not Be Televised. Oxford University Press ISBN 978-0-19-933468-1. (Noiz kontsultatua: 2020-01-19).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search