Naturalismo (filosofia)

Artikulu hau eskola filosofikoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Naturalismo».

Naturalismoa (latinezko naturalis) izaditik at ezer ez dagoela dioen eta gauzak azaltzeko naturaz gainetiko zernahiren eragina ukatzen duen doktrina da. Naturalismoak ez du izadiaz kanpoko arrazoirik edo errealitaterik onartzen. Unibertsoko izaki eta gertaera guztiak izadi barrenekoak dira; unibertsoak berezko izaera du eta berez eratzen da. Hala, idealismoaren aurkakotzat hartu izan da naturalismoa. Bestalde, naturalismoa materialismoaren parean jarri izan da, baina eremu zabalagoa hartzen du hark baino. Naturalismoarentzat izadia da errealitate bakarra eta osoa, eta hortik kanpoko beste errealitaterik ez dago.

Naturalismoaren arabera, kontzientzia eta adimenari lotutako kontzeptu guztiek erreferentzia egiten diote indar eta kausa naturalekiko interdependenteak diren harremanetara murriztu daitezkeen entitateei. Naturaz gaindiko gauzen existentzia errefusatzen du, erlijioetan gertatzen denaren kontra. Bestalde, teologiaren ideia ere baztertu egiten du, guzti horiek naturaz gaindikoak direlako.

Ez da gaur egungo ikerketa zientifikoen inguruko ikuspegi soila, zientziak etorkizunean deskubrituko duenaren gainekoa ere bada. Naturalismo ontologikoak errealitatearen ikuspegi monista dauka.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search