Nobel Sariak

Alfred Nobel

Nobel Saria (suedieraz: Nobelpriset [nʊˈbɛ̂lːˌpriːsɛt]; norvegieraz: Nobelprisen) aurrerapen akademiko, kultural edo zientifikoak aitortzeko, Suediako eta Norvegiako erakundeek hainbat kategoriatan ematen duten nazioarteko sari multzoa da. Alfred Nobel kimikari, ingeniari eta industrial suediarraren nahiari esker bost Nobel sari jarri ziren martxan 1895ean, eta 1901ean eman ziren lehen aldiz Kimika, Literatura, Bakea, Fisika eta Fisiologia edo Medikuntzako sariak. [1][2][3] Mundu mailan onartuta dago eskuragarri dauden sari entzutetsuenak direla dagozkien alorretan.[4][5][6]

1968an, Sveriges Riksbank Suediako banku zentralak, Sveriges Riksbank Ekonomia Zientzien Saria ezarri zuen Alfred Nobelen oroimenean. Saria Nobel Fundazioak 1968an Sveriges Riksbanketik jaso zuen dohaintzan oinarritzen da, bankuaren 300. urteurrena zela eta. Ekonomia Zientzien lehen saria Ragnar Frischek eta Jan Tinbergenek jaso zuten 1969. urtean. Ekonomia Zientzien Saria Stockholmeko Suediako Zientzien Errege Akademiak eman zuen, 1901az geroztik Nobel Sariak ematen diren printzipio berberei jarraituz.[7]

Suediako Zientzien Errege Akademiak Kimikako zein Fisikako Nobel Sariak eta Sveriges Riksbankek Zientzia Ekonomikoetan ematen dituzte, Alfred Nobelen oroimenean. Karolinka Institutuko Nobel Batzarrak Fisiologia edo Medikuntzako Nobel Saria, Suediako Akademiak Literaturako Nobel Saria, eta Norvegiako Nobel Batzordeak Bakearen Nobel Saria ematen dituzte.

1901 eta 2018 urteen artean, Nobel Sariak (eta Ekonomia Zientzietako Sariak, 1969tik aurrera) 590 aldiz eman ziren, 935 pertsona eta erakundeei.[1] Zenbait aldiz, behin baino gehiagotan jaso dute Nobel Saria, eta horrek 27 erakunde eta 908 pertsona biltzen ditu. Sari-zeremonia urtero egiten dute Stockholmen, Suedian (Noruegiakoa Oslon ospatzen den Bake Sariaren ekitaldia izan ezik).[1][8] Hartzaile bakoitzak ("laureatua" izenarekin ezagutzen dena) urrezko domina,[9] diploma eta Nobel Fundazioak erabakitzen duen diru kopuru bat jasotzen ditu. (2020. urteaz gero, sari bakoitzak 9.000.000 SEK balioko ditu, edo 935.366 dolar inguru, 848.678 euro edo 716.224 £).[10] 1980a baino lehen egindako dominak 23 kilateko urreaz eginda zeuden, eta ondorengoak 18 kilateko urre berdean, 24 kilateko urrezko estaldurarekin.

Saria ez da hil ostean ematen. Hala ere, pertsona bati saria ematen bazaio eta jaso aurretik hiltzen bada, saria oraindik aurkez daiteke.[11] Ezin da saririk banatu hiru pertsona baino gehiagori, nahiz eta Bakearen Nobel Saria hiru pertsona baino gehiagoko erakundeei ematerik badagoen.[12]

Marie Curie, 1903an. Zientzietako bi Nobel Sari (Fisika eta Kimika) jaso dituen pertsona bakarra da. Eta soilik lau pertsonak jaso dute bi Nobel Sari.
  1. a b c (Ingelesez) "Nobel Prize facts". Nobel Foundation.
  2. (Ingelesez) "Nobel Prizes and Laureates". Nobel Foundation.
  3. (Ingelesez) "Which country has the best brains?". BBC News.
  4. (Ingelesez) "Top Award, Shanghai Ranking Academic Excellence Survey 2018". Shanghai Ranking.
  5. (Ingelesez) "IREG List of International Academic Awards" (PDF). IREG Observatory on Academic Ranking and Excellence.
  6. (Ingelesez) Shalev, Baruch Aba. (2005). 100 years of Nobel prizes (Third ed.). The Americas Group, p.8 or. ISBN 978-0-935047-37-0..
  7. (Ingelesez) "The Noble Prize - Did You Know?". Nobel Prize.
  8. (Ingelesez) "All Nobel Prizes". Nobel Foundation.
  9. (Ingelesez) Palermo, Elizabeth. (2014). Sold for up to US$4.76 million (see Nobel Prize Medal Fetches Record-Breaking $4.76 Million). Live Science.
  10. (Ingelesez) "Nobel Prize amount is raised by SEK 1 million". Nobel Foundation.
  11. (Ingelesez) "Montreal-born doctor gets posthumous Nobel honour". CBC News.
  12. (Ingelesez) Schmidhuber, Jürgen. (2010). "Evolution of National Nobel Prize Shares in the 20th century". .

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search