Ozpin-euli | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Arthropoda |
Klasea | Insecta |
Ordena | Diptera |
Familia | Drosophilidae |
Generoa | Drosophila |
Espeziea | Drosophila melanogaster (Meigen, 1830)
|
Eguneko zikloa | eguneko |
Genomaren kokapena | ensembl.org… eta metazoa.ensembl.org… |
Drosophila melanogaster euli-espezie bat da, Diptera ordenakoa eta Drosophilidae familiakoa. Oro har, ozpin-euli edota fruta-euli[1] esaten zaio; izan ere, hartzidura fasean dauden fruituez elikatzen da. Charles W. Woodworth entomologo amerikarrak euli-espezie hau organismo eredu moduan erabiltzeko proposatu zuenetik, D. melanogaster oso erabilia izan da zenbait arlotan genetikari buruzko ikerketak egiteko, besteak beste, biologian, fisiologian, mikroorganismoen patogenesian eta biziaren historiaren garapenean. Halaber, hainbat izan dira D. melanogaster euliarekin egindako ikerketei esker Nobel saria [2] irabazi duten ikerlariak.
Drosophila oso erabilia da ikerkuntzan, espezieak dituen ezaugarriak direla eta. Hasteko, euliak laborategian hazteko errazak dira eta ugalketa-zikloa oso azkarra dute. Bigarrenik, espezie horretako euliek lau kromosoma pare dituzte bakarrik [3]. Hirugarrenik, bizi-ziklo laburra dute, 15-21 egunekoa, hain zuzen ere. Laugarrenik, zenbait gizakiren gaixotasunak eragiten dituzten geneen % 61 bat datoz ozpin-eulien genomarekin, eta eulien proteina-sekuentzien % 50ek analogoak dituzte ugaztunetan [4]. Azkenik, haien habitata oso zabala da; izan ere, kontinente guztietan aurki daitezke, baita uharteetan ere [5].
Tephritidae familiako euliei ere esaten zaie fruta-euli. Hori dela eta, denominazioa nahasgarria izan daiteke, batez ere, Mediterraneo aldean, Australian eta Hego Afrikan, non Mediterraneoko fruta-eulia, Ceratitis capitata, plaga ekonomikoa den.
© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search